• IRITZIA
  • Zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera

Zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera

2025eko ekainaren 18a
Eg. 2025eko ekainaren 18a
elena laka

Lehen aldiz, nik dakidala, izendatu da Espainiako Zuzenbidean zerbitzu publiko baten abusuzko erabilera kontzeptua, eta lehen aldiz arautu abusuzko erabilera deritzonak ekar ditzakeen ondorioak.

 

Apirilaren 3an sartu zen indarrean 1/2025 Lege Organikoaren zati bat, besteak beste, gatazkak egokiro konpontzeko neurriak (Masc gazteleraz) ezarri zituenak (hemen neurri berriei buruzko gure iritzia). Legeak justizia zerbitzu publikoaren arloan efizientzia neurriak ezartzen ditu, eta neurri horien artean dago justizia zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera kontzeptu berria.

Labur azaltzeko, legeak zigortu egiten du adostasunera iristen saiatu ez den alderdi judiziala, eta auzi prozesuaren kostua ordaintzera kondenatzen du, adostasun batera iritsiz gero, bazegoelako prozedura judiziala saihestea. Hortik ondorioztatzen da adostasunarekin saiatu ez eta auzitegietara jotzea lehenetsi duen alderdiak, justizia zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera egin duela, gehiegizko erabilera, eta beraz, epaileak judizioko kostuak ordaintzera kondenatuko du. Epaileak erabakiko du, hortaz, kasuz kasu, prozedura judizialean sartu den alderdiak abusua egin duen ala ez.

 

Justizian kontzeptu berriaren aplikazioak ekarriko dituen ondorioak oraindik ikusteko daude. Garbi dago kontzeptuaren muinean dagoen arrazoia: auzitegiak prozeduraz arintzea eta justizia administrazioan dagoen lan karga arintzea. Lortuko da honekin prozedura judizial gutxiago erabiltzea eta herritarrak "Ikea-justiziari" heltzea: zeuk muntatu zure erreklamazioaren erabakia. Gertatuko da baita ere justizia ordain bidezko profesionalen esku uztea, prozedura pribatuetara jotzea, adibidez, notarioetara edo bestelako bitartekari pribatuetara.

Izan ere, zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera justizia arloan sartu da momentuz, baina justizia arloaz haratago, kontzeptu oso interesgarria da zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera eta iruditzen zait ez zaiola atera posible litzatekeen zuku guztia. Eta, aldi berean, oso kontzeptu arriskutsua da kalitatezko zerbitzu publikoak erreklamatzen duen gizartearentzat. Zeren, nork erabakitzen du zer den abusuzko erabilera?

Herritar guztiok jakin beharko genuke zerbitzu publikoak denonak direla, zerbitzu horiek mantentzeko diru asko erabili behar dugula, eta beraz, guztionak diren zerbitzuak sen onez erabili behar ditugula. Baina, lehen aldiz zerbitzu publikoaren abusuzko erabilera kontzeptua formulatu, eta non eta justizia administrazioan. Beste zerbitzu publiko guztiak egoki-egoki erabiliko balira bezala.

Ez dakiguna da zerbitzu publikoa zentzuz erabiltzera bultzatzen duen zuzenbidearen kontzeptu berri honek zabalkundea izango ote duen justizia ez den gainerako arlo batzuetara, ala, aldiz, justizian baino ez den geratuko, eta beraz, justizia zerbitzu publikoa taxuz erabili beharko dugun kosta kondena bat ez izateko, eta ostera, gainerako zerbitzu publikoen gehiegizko erabilera ere zigortuko ote den.

Zeren, ez esan, irakurle, zerbitzu publikoa gaizki edo abusuz erabiltzeagatik isuntxo bat jasotzea merezi duen arloren bat bururatzen ez zaizunik, horrela, bat-batean. Aktualitateari lotutako adibide zaparrada bat di-da batean atera ahal zaizkio edonori. Krispetak eskuan, itxaron dezagun noiz jasoko duten zigorra zerbitzu publikoa euren mesede hutserako erabili duten eta egun famatu egin diren jaun zerbitzari publiko ahalguztidunak.