Zergatik Euskaraldia lanean

2025eko maiatzaren 13a
elena laka

Ostegunetik aurrera laugarren Euskaraldian parte hartuko dugu kalean eta lanean. Euskararen egoera gutxitua konponduko du horrek? Ez, zalantza barik. Ez du konponduko, adibidez, auzitegiek lan publikoetara sartu ahal izateko euskara eskakizuna hutsaren hurrengo izateko egiten diharduten interpretazioa. Ez du konponduko lan askotan egiten ditugun zereginak, adibidez gure eguneroko abokatu lana epaitegietan, euskaraz egiteko daukagun ezintasuna, edo, onberak izan gaitezen, esan dezagun zailtasuna.

 

Gure abokatu lanean hasi ginenetik bezeroei euskara eskaini diegu, lehen hitza beti izan da euskaraz. Eta epaitegiek eta administrazioetako gainerako instantziek ahalbideratu diguten neurrian (alegia, gutxi) zerbitzua euskaraz eskaini eta eskaintzen dugu. Bezero galera bat ekarri du horrek edo bezeroren bati ez zaio gustatu? Zero. Kontra: gure zerbitzuak euskaraz eta gazteleraz ematen ditugu eta bezero euskaldunak ikaragarri eskertu du euskaraz artatzea. Era berean, bezero ditugun gero eta migranteetako gehienek eskertu egiten dute euskarazko, gutxienez, keinua. Eskertu egiten dute bertako profesional batekin aritzeko sentimendu hori, nahiz eta beraiek hizkuntza jakin ez, bertako hizkuntza ere erabiltzen duen profesional batek artatuak izatea, badakizue, zalantzan, bi hizkuntza bat baino hobeto.

Eta bezeroez gain, gainerako profesional eta enpresa zerbitzu-emaileekin? Euskara meritutzat hartzen dugu aukeratzerakoan. Erraztu egiten digu euskaraz komunikatzeak eta ez digu gaztelerazkoa trabatzen. Zerbitzu eta komunikazio ona jasotzen badugu euskaraz eta txarra ez gazteleraz, zergatik ez lehenetsi euskaraz dakiena?

 

Euskaraldian parte hartuko dugu sinisten dugulako herritar bakoitzak, modu komunitarioan, indarra daukagula gizartean eragiteko eta euskararen erabileran aldaketa sorrarazteko. Pentsatzen dugu gaur egun egiten dugun hizkuntzaren erabilera oro har hobetu ahal dela, eta hobekuntza horretan partaide izan nahi dugu. Ez dugu administrazioaren menpe bakarrik utzi nahi euskara gizarteko bazter guztietara, ofizial zein ez ofizial, iristeko ahalegina. Esan nahi diogu gizarteari euskaldunok hemen gaudela, hizkuntza nahi dugula, eta hizkuntza honetan nahi ditugula gizarteko harreman guztiak. Eta Euskaraldiaren bitartez, baita ere, erakutsi ahal izango dugu, modu masiboan, profesional euskaldunak oso onak direla, bezero eta erabiltzailearen esku dagoela profesionalekin eta lanean euskaraz egitea, eta ez dela nahikoa mediku euskalduna eskatzea edo tabernako zerbitzariak euskaraz egiten ez duelako marmar egitea gero erronda aterako diogun kuadrillak ez badu euskaraz jarduten.

Lana ekarri ahal digu gure jarrerari eusteak, estres linguistikoa eragin ahal digu, aurpegi txarren bat jasatea ekarri ahal digu euskaraz zuzentzeko eguneroko laneko horretan. Hizkuntza gutxitu batean bizi gara eta egon daitezke egoerak oso minorian sentiaraziko gaituztenak. Makalaldiak ere onartzen dira, zer erremedio. Horregatik da garrantzitsua gizartea lagun dugula ikusteak. Euskaraldiak moduko ariketa sozialak eman ahal digu itzala, eman ahal digu babesa, eta herritar soila munduaren kontra bakarrik ez egotearen bizipena. Ni gehiago geratzen naiz eman ahal digun onarekin: hasieran enpresa, bulego, tailer, profesional eta administrazioetako langileekin euskaraz aritzeak sortu ahal duen bihotzeko berotasun hori, bilaka dadila egunen buruan konturatu barik egindako hizkuntza hautu inkontziete eta normalizatu.