Herritar batek Durangoko Udalari 87.500 euroko kalte-ordaina erreklamatu omen dio, zezensuzkoak begian eragin zizkion kalte larriengatik, diote albisteek. Udalak ezetz erantzun dio administrazio-bidean, eta herritarrak orain epaitegietara jo beharko du.
Azken hamar urteotan, hogei epai baino gehiago eman dituzte auzitegiek Hego Euskal Herrian zezen-festekin lotutako kalteengatik egindako erreklamazioei buruz. Epai gehienak, bi heren inguru, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman dituzte. Lodosa da erreklamazio gehien jaso dituen udalerria. Harrigarriki, ez dut aurkitu Iruñeko Udalaren inguruko epairik. Nafarroakoak ez direnak Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak emandakoak izan dira, Gipuzkoako zein Bizkaiko zezen-festei lotuta. Bizkaian, Bilbo, Durango, Santurtzi eta Gernikako udalen aurka; Gipuzkoan, Tolosa eta Villabonakoen kontra.
Zezenek entzierroetan, sokamuturretan, bigantxen ikuskizunetan edo zezensuzkoetan eragindako kalte pertsonal eta materialengatik 1.300.000 eurotik gora erreklamatu dituzte kaltetuek epaitegietan denbora horretan. Epaitegietakoak baino erreklamazio gehiago izango ziren: udaletan, administrazio-bidean erreklamatu eta udalak ezezkoa eman ondoren, epaitegietara jo ez zutenenak.
Hogei epai horietako bakoitzera iristeko, herritar erreklamatzaile guztiek prozesu luzea egin behar izan dute, bidean energia, denbora eta diru dezente inbertituz. Kaltea eta ondorio guztiak jasan behar izan dituzte, sendaketa barne; kasu batzuetan, kalteak larriak izan dira. Gero, udalean erreklamatu behar izan dute; instrukzio-prozedura luzea eta motela da herritarrarentzat. Ezezkoa jaso. Honezkero ez bazuen, abokatu bat kontratatu. Epaitegietako bidea hasi eta, epaiketaren ondoren, epaia jaso. Gehienetan, kontrakoa. Izan ere, azken hamar urteotan emandako epaien herena baino gutxiago izan da herritarraren aldekoa; gainerako erreklamazioak ezetsi egin dituzte epaitegiek. 50.000 mila euro inguru ordaindu dituzte udalek (edo haien aseguruek) guztira aztertutako epean.
Auzitara jotzen duen herritarrak, kaltearen eta ikuskizunaren arteko kausalitatea frogatzeaz gain, segurtasun-neurri nahikorik eza frogatu behar du. Ostera, auzitegien argudio nagusiak, kalte-ordainak ezesteko, funtsean, honako hau du oinarri: zezen-ikuskizunetan borondatez parte hartzen duten pertsonek ikuskizun horretatik eratorritako arriskua onartzen dute eta, beraz, ezin dituzte egoera horretatik eratorritako kalteak erreklamatu. Udalak arrisku-guneak saihesteko beharrezko neurriak hartu dituela frogatuta, bere erantzukizuna baztertzen da. Neurriok hartuta, kaltetuaren ardurapean geratzen da ikuskizuna ikusteko arriskua egon daitekeen gune bat aukeratzea; nolabait, arriskua egon daitekeela onartzen du eta, hala ere, bertan egotea erabakitzen du.
Segurtasuna lehentasun duen gizarte batean, harrigarria iruditzen zait nola onartzen dugun jaietan esparru bat izatea —zezen-ikuskizunak—, non herritarrek borondatez arrisku erreal bat onartzen duten, eta nola horrek erakunde antolatzaileak erantzukizunetik salbuesten dituen. Hori animalien inguruko hausnarketan sartu barik.
Zorte on Durangoko herritar erreklamatzaileari epaitegietako bide malkartsuan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta