Zer gertatuko litzateke hurrengo aurkikuntza gizaki batek egin beharrean, elkarren artean koordinatzen diren adimen artifizialen eragile-talde batek egingo balu? Egungo aurkikuntzetan dagoeneko gizakia-AA taldeak osatzen ari dira eta baliteke dagoeneko adimen artifizialak egindako aurkikuntza berriak ikustea laster; izan ere, Stanfordeko ikertzaile talde batek Co-scientist izeneko sistema sortu du: ikertzaile birtualen komunitate bat, rol ezberdinak betetzen dituzten adimen artifizialez osatutako “ikertzaile” talde bat. Batzuek hipotesiak proposatzen dituzte, beste batzuek datuak aztertzen, eta beste batzuek laborategiko robotak kontrolatzen dituzte. Ez dira “laguntzaile digitalak”, ez dira aplikazio bat gehiago: talde baten logika propioarekin funtzionatzen dute, esperimentuak planifikatu, exekutatu eta aztertuz. Zientzia fikzioa ezta? Ez ba, gizakiak erabilitako metodo zientifikoetan oinarrituta eraikitako paradigma berriak dira, eta emaitzak harritzekoak.
Covid-aren aldaera berriak proposatzeko erronka jarri zieten unibertsitate estatubatuar honetako irakasleek AA ikertzaile-taldeari. Datu biologiko errealetan oinarritutako hipotesiak sortu eta mutazio esanguratsuak identifikatu zituen denbora gutxian, eta emaitza horiek doktorego ikasleen lanarekin alderatuta, AA ikertzaileenak balizko hipotesiak —eta askotan originalagoak— zirela ondorioztatu zuten. Zer gertatzen ari da? Metodo zientifiko klasikoa, orain arte gure gizartean “egia” bilatzeko tresna nagusi gisa ulertu duguna, adimen artifiziala berridazten ari dela. Ez gara bakarrik datuak azkarrago prozesatzeko garaian bizi, ezagutza sortzeko eredu berria eraikitzen ari da/gara: gizakia eta AA elkarrekin ari da lanean, esperimentuak diseinatzen eta emaitza berriak interpretatzen; zientzia bera hibridatzen ari da.
Guztia honen irakurketa egitean, dilema zailak sortzen ari da. Noren esku dago ezagutza? Nor da aurkikuntza baten egilea, algoritmo batek biderik erabakigarriena eman badu? Zer gertatuko da doktoregoko ikasleekin, sistema hauek euren lanaren zati handi bat egiten badute? Nork izango du kontrola ikertzaile artifizial hauek proposatutako emaitzak industria farmazeutiko edo teknologiko handien eskuetan badaude?
Ezagutza ez da inoiz neutroa izan, beti dago botere harremanen dinamikan. Orain, ordea, dinamika hori are ageriagoa bihurtzen ari da: zientziaren izenean sortzen diren aurkikuntzak, AAren bitartez biderkatzen direnean, gure osasuna, ekonomia edota etorkizuna baldintzatuko dute, eta arriskua izan aurkikuntza horiek korporazio gutxi batzuen interesen arabera erabiltzen badira eta ez gizarte osoaren mesedetan.
Horregatik, galdera erabakigarriak egin behar ditugu berehala: nola bermatuko dugu ikerketa hauen gardentasuna eta kontrol demokratikoa? Nola babestuko dugu ikertzaile gazteen prestakuntza eta rola? Nola saihestu AA zientzialari birtualak merkatuaren logikaren menpeko tresna bilakatzea? Ez dago metaforarik, ez zientzia fikziorik. Zientzia beste fase batean sartu da, eta fase horrek ez du soilik “ezagutza gehiago” ekarriko, boterearen banaketa berria dakar berekin. Hor dago gakoa: ea ezagutza kolektiboaren zerbitzura jartzen dugun, edo berriro ere merkatuaren eta korporazio handien interesak lehenesten ditugun. Gizarte gisa erabaki behar dugu zein bide hartu, eta lehenbailehen eztabaidagai gisa mahaigaineratu.