Duela hiru hilabete eztabaida gogorra izan genuen orduan Gipuzkoan fiskal burua zenarekin. Prozedura penal batean fiskalarekin adostasuna geneukan. Gure bezeroak delituaren kalteak ordaintzearen truke, zigor aringarri garrantzitsua hitzartuta geneukan aretoko fiskalarekin. Guztia legearen barruan. Kode Penalean aurreikusita dago biktimari eragindako kaltea konpontzea edo haren ondorioak gutxitzea erantzukizun kriminala arintzeko zirkunstantzien artean, Kode Penaleko 21. artikuluko 5. kasuan. Kalteordaina ordaindu, leporatutako egitateak onartu eta gure bezero akusatuak zigor gutxitze esanguratsua lortzeko bidean geunden.
Ostera, aretoko fiskalak hitzarmenaren xehetasunak fiskal buruarekin kontsultatu zituenean, fiskal buruak ez zuen hitzarmena itxi nahi; aringarria txikitu eta zigorra handitzea zen bere helburua. Zer oinarri hartuta? Legearen barruan zigorra gutxitzeko aukera geneukan, kasu legala aplikatuta, baina, bere hitzetan, zigorra arinegia begitantzen zitzaion egindako delituaren ordainetan. Begitantzen zitzaion. Hori zen zigor gutxitzea ez onartzeko irizpidea.
Azaldu nahi da honekin Zuzenbide Penala aplikatzerakoan mila arau tekniko daudela delituaren tipoa eta gaizkileak egindako egitateak nola zigortu erabakitzerakoan. Arau zehatzak, Cesareo Beccaria Zuzenbide Penalaren aita pontekoak Ilustrazioan zigor legeen oinarriak jarri zituenetik. Baina "begitantzen zait" irizpidea ez dela sekula baztertu behar.
Arau teknikoak eta Kode Penaleko artikuluak hartu ditu aintzat Auzitegi Goreneko azken epai famatuak ustelkeria larrietan harrapatutako enpresari bati hutsaren hurrengo zigorrak ezartzeko. Fiskalarekin hitzarmen esplizitu bat irudikatzeke, eskuineko alderdi politikoek sostengatzen zuten akusazio partikularren oniritzi eta onarpenarekin, epaia harrigarriki onbera gertatu zaio ustelkeria sustatu eta ustelkeriarekin aberastu zen enpresariari.
Aplikatu da zigorraren aringarriak ezartzen dituen Kode Penaleko artikuluko 4. kasua: errudunak, prozedura judiziala bere aurka doala jakin aurretik, arau-haustea agintariei aitortzea. Eta 7. kasua, azkena, saski-naskia: aurreko kasuen esanahi berdintsua izan dezaken beste zirkunstantziaren bat.
Ustelkeriaren kontra kolaboratzea zein garrantzitsua den aitzaki, epaiaren testuaren %10 bideratzen da aplikatu diren salbuespenezko aringarriak justifikatzera. Ondorioa: talde kriminal antolatu batean eroskeria modu jarraituan egiteagatik, urtebeteko kartzela zigorra, eta urtebete eta 6 hilabeteko kartzela zigorra, eta 24.000 euroko isuna; eroskeriagatik, urte bete eta 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 48.000 euroko isuna; eta eroskeriako hirugarren delituarengatik, 3 hilabeteko kartzela-zigorra. Zigorgabetu dute prebarikazioa eragiteko delitutik, informazio pribilegiatuari probetxua atera izanaren delitutik eta faltsukeriatik. Zigor txikiak ezarri dituzte Kodeak larritzat jotzen dituen eta zigor handia duten delituentzako. Eta epaian bertan (epaiaren exekuzioaren zain egon gabe) ezarritako askatasun gabetze zigorrak etetea erabakitzen da, baita urtebetez komunitatearen aldeko lanak egin beharko dituela ebatzi ere.
"Begitantzen zaio" efektua doktrina bihurtuta.