Donostian jaio eta bertan bizi izan naiz “nongoa zara?” galdetzen didatenean zalantzarik ez izateko adina denbora. Egun zehatzek ihes egingo didate, baina badakit hil honen amaieran marea biziak izango ditugula, eta hilaren hasieran zinemak hartzen dituela hiriko bazterrak. Ez naiz sekula izan alfonbra gorriaren ertz banatan ospedunen ehizan diharduten horietako bat, baina Zinemaldiaren arrastoaz zipriztintzea, behintzat, atsegin dut.
Zinemarena enpresa-egitura bitxia da. Dena iheskorra, dena di-da baten hasi eta buka egiten den garai honen metafora ederra ere izan daiteke. Filma bat aurrera eramateak behin-behineko enpresa-egitura sortzea eskatzen du, pop-up enpresa. Zeharkako eginkizunak bermatzen dituen oinarriaren gainean, piezaz pieza osatuz joaten da produktuaren beraren ezaugarrietara egokitu egingo den egitura malgua, ia likidoa. Filmarekin sortzen da eta erabat-erabat ez bada ere, harekin bukatu egiten dela esan liteke, behintzat ekoizpenari dagokionez. Urteetako lana izaten da, prozesua osatzen duten zenbait ataletan erabat prekarioa, gainera, zinemari berez esleitzen diogun glamourraren arrastorik gabea, baina aldi berean, behar-beharrezkoa. Alfonbra gorrian ez da filma bakoitzaren gibelean datzan ahalegin ekonomikoaren arrastorik uzten, edo ikusleok ez dugu sumatzen. Gehienez ere, begi bizkorrek produktuarekin batera martxan jartzen den marketin-jarduna nolakoa izan den antzemango dute, baina eraikuntza askoz handiagoaren erakusleihoa besterik ez da hori. Distira egiten duenaren atzean datzana askoz gehiago da.
Euskal zinemaren historia laburrean oso argi ikusten da hori. Tradizio laburrekoa da gurea, ehun urtetan ia ez dugu deus ere izan, baina azken hamarkadatan “loraldia” heldu zaigu. Egiturari eusten dioten habeak sendotuz joan dira: sortzaileak ditugu, istorioak sortu eta bizigarri egiten dituen kulturaren katebegiak ongi lotuta daude, eta enpresa-egitura bera ere indartuz joan da azken urte hauetan. Diruz eta bestelako baliabideez lagunduta, jakina, bestelako sektore estrategikoak sostengatzen diren modu berean edo are gehiago oraindik, kultura baita herri baten inbertsiorik estrategikoena.
Eta hala izanda ere, emaitza ezin da aldez aurretik ziurtatu, ez gurean ezta milioika ikusle potentzialen merkatura zuzentzen den zinemagintzan ere. Denbora-tarte labur baten kontzentratzen dira indar guztiak, eta gero merkatuaren esku geratzen da egindakoaren epaile izatea. Eta orduan, berdin dio —edo ia berdin dio— planifikazioa zuzena izan den edo ez, ekoizpena aurreikusitako baliabide eta denborarekin zintzo bete den edo ez. Horrek guztiak prozesuari eragiten dio, baina emaitza beste zerbaiten esku dago, iheskorragoa den publikoaren erantzunean, hain justu ere.
Kontsumitzailerik gabeko kontsumorik ez dago; horretan behintzat, zinema gainerako industriak bezalakoa da. Jende-andana ibiliko da datozen egunetan Donostiako zinema-aretoetan, eskaintza baino askoz eskari handiagoa gertatzen baita urtean behin. Maila horri modu jarraian eusterik ez dago, jakina, eta ez da hori helburua, baina egun hauek aproposak dira gogoratzeko geu ere, ikusleok, filma bakoitzaren atzean datzan abenturaren parte bat garela, urtean behin baino, urteko egun guztietan.
Munduan maila handia duten zinema-festibalak ez dira asko. Gurea publikoaren harrera beroarengatik ezaguna da hemen eta hemendik kanpo. Zinema geure kultura eta gure industriaren osagarri da.