• IRITZIA
  • Ziurgabetasunaren aurrean, bidelagun
Elkargiko Nazioarteko Finantza aholkulari seniorra

Ziurgabetasunaren aurrean, bidelagun

2025eko ekainaren 26a
Eg. 2025eko ekainaren 26a
Fernando uria arteche

Aurrekaririk gabeko garaiak bizi ditugu. Ziurgabetasuna da arau berria. Ez da lehenagotik horrelakorik ezagutu. Orain urte batzuk, merkatuak konplexuak izan arren, joko arauak definituta zeudela zirudien. Aldakorrak bai, baina iragarpenak egiteko aukera eskaintzen zuten. Gaur egun, berriz, ez da horrela. Aldaketak egunero ematen dira, eta sakonak bezain eragin handikoak dira.

 

Ukraina eta Gaza bi adibide garbi dira. Drama humanitarioa eta geopolitika, biek ala biek gure mundua "dantzan” dutenak. Errealitate horiei arduraz begiratzen geundela, AEBen administrazioak muga-zergak ezarri zituenenan, harrituta eta kezkati “hartu” genituen. Urrats bat aurrera egin eta merkatuak kaltetu, ondoren atzera egiteko. Errusia, Txina eta AEBen arteko tentsioek hornidura-kateei zuzenean eragin diete, horrek lehengaien eskuratzeari eragiten diolarik. Hori guztia gutxi balitz, azken egunotan Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena ikustean, eduki genezakeen ardura kezka bilakatu zaigu.

Biolentziaren gorakadak noraino iritsiko den ikusteke den honetan —eta biolentzia gogorrena izanda ere, hori alde batera utzita— hainbat  finantza analistek azaldu dute jada, Estatu Batuen erasoaren ondorioz Iranek Ormuzeko itsastartea ixtea hartu zitekeen erabakirik kaltegarrienetakoa izan daitekeela. Akaso, hau argitaratzerako erabakia hartuta dago. Zentzu batera zein bestera. Gertakariak azkarregi doazelako.

 

Mundu osoko petrolioaren ekoizpen globalaren bosten bat hortik igarotzen da. Golkoko esportatzaileak eta mendebaldeko kontsumitzaileak lotzen ditu. Fluxu hori eteten bada, Brent upelaren goradaka zenbaterainokoa izango da? Burtsei nola eragingo die? Eta horrek guztiak inflazioan eragina badu, banku zentralek interes-tasekin zer egin ere zalantzan. Akaso, hau argitaratzen denerako hausnarketa hau zaharkituta geratu da. Ez dago gelditzeko aukerarik.

Nazioarteko egoera aldakorra da oso. Zalantza eta ziurgabetasuna ez dira salbuespen, abiapuntu berria baizik. Dena den, zalantzazkoa den guztia ez da zertan negatiboa izan. Bizitzaren bestelako diziplina askotan bezala, trantsizioak aukera berrietarako leihoak bilakatu daitezke. Eta hor sortzen dira, desordenaren erdian, enpresak, erakundeak eta herrialdeak ere eraldatu ditzaketen erabari estrategikoak.

Alegia, momentua irakurtzen dakitenentzako aukerak beti egongo dira. Baita enpresentzat ere. Ez dezagun ahaztu, gaur egun, nazioarteko merkataritza maximo historikoetan dagoela. Munduko Bankuaren datuen arabera, esportazioen eta inportazioen balioa zazpi aldiz biderkatu da azken urteetan. Gaur egun, BPG globalaren %59 da.

Testuinguru honetan, geure enpresek zer egin dezakete? Lehenik eta behin jakin, ezinbesteko diren bi driver daudela: jasangarritasunari begira urratsak eman eta teknologia disruptiboen iraultzan buru-belarri sartu. Lehiakortasun aukera izatearekin batera, produktibitatea biderkatu dezakete. Ikuspegi estrategikoa da. 

Aitzitik, ez da nahikoa izango, etengabeko aldaketa hauetan ohiko merkatu askok aukera izateari ere utziko diotelako. Non begiratu eta nola jokatu? Enpresek merkatu berriak esploratzeari ekin beharko diote. Horri begira jartzerakoan, enpresek babesa emango dioten tresnak behar dituzte, lege-esparru berrietan zein konfiantza gutxiko merkatuetara gerturatzeko batez ere.

Dokumentu-kreditua edota nazioarteko bermeek konfiantza emago diete. Arriskua murriztu eta negozio aukerak ireki. Mundu berri honetan, enpresek hazi egin behar dute, eta horretarako, merkatu tradizionaletatik haratago begiratzen jakin behar dute. Guztion ardura da, baita gurea Elkargin ere, tresna guztiak enpresen eskura jartzearena.

Ziurgabetasuna globala eta aldakorra den garai hauetan, enpresa hazkunderako sor daitezkeen aukerak bilatzen eta baliatzen jakiteko unea ere badenez, bidelagunak gako izango dira.