Zorren gantzak atzean uztea

2026eko urtarrilaren 15a
elena laka

Urtarrilaren 30a arte ikusgai dago Espainiako Ekonomia Ministeritzaren webgunean Kontsumorako kredituen kontratuei buruzko Legearen aurreproiektua, herritar edo erakunderen batek ekarpen edo alegazioren bat egin nahi izango balu, testuak Kongresuaren onespena jaso eta behin betiko lege bilakatu aurretik.

 

Urtarrileko aldaparen sasoian, Gabonek bultzatutako gehiegikeria ekonomikoei aurre egiteko maileguei tiraka egiteko joeraren bolada bete-betean, aurreproiektuaren xedea da kontsumorako krediturik garestienei mugak jartzea eta bezero-kontsumitzaileenganako babesa handitzea.

Jabetuta mikrokredituek, revolving txartelek edo plataforma digitaleko maileguek gora egin dutela herritarren artean, jabetuta azken urteetan justizia auzitegiek epai bidez mugak jarri dizkietela kreditu horietan ezarritako gehiegizko interesei eta letra txiki-txikiei, aurreproiektuak kredituei buruzko zuzentarauen transposizioa egiten du, eta neurri sorta bat ezartzen du kontsumo kredituak arautzeko. Neurri horien artean garrantzitsuenak honako hauek: 1) maileguen kostuak mugatzea, 2) kostu altua daukaten mikrokredituak ematen dituzten enpresak zorrotzago arautzea, 3) informazio eta publizitate baldintzak argiagoak eginaraztea eta 4) mailegu eskatzailearen kaudimenaren balorazio bat egiteko beharra. Azken neurri horretan, mailegu-emaileek eskatzailearen kreditu-historiala kontsultatu beharko dute, helburua izanik herritarren gainzorpetzea ekiditea, norbere datuak agerian beste behin.

 

Zeren kreditu txikiak herritar askoren arazo itzel bilakatu dira, sarrera txikiak dituzten herritarrenak sarri. Kreditu batekin aurrekoa estali, gastu eta interes neurrigabeak eta azkenean elurrezko bola maldan behera, kredituak ordaindu baina zorra txikitu ez, kredituak itota bukatzeko.

Badago, baina, kreditu itomen horretatik ateratzeko modu bat. Eguberrietan irabazitako gantzak atzean geratzeko bidea nola, pertsona bat estaltzen duten kreditu asko desagerrarazi daitezke epaitegiko prozedura baten bitartez. Gantzetatik libratzeko gertatzen den legez, denbora eta metodoa behar da.

Ordaindu gabeko pasibotik salbu geratzeko prozedura, bigarren aukera ere deiturikoa, lege figura bat da ordaintzeko ezinezko bihurtu diren zorren barkamena lortu ahal izateko eta ondorioz zorrak alde batera uzteko. Zor guztiak utz daitezke atzean? Ez, adibidez, ezin dira ahaztu ordaindu gabeko mantenu-pentsioetako zorrak, delituengatiko erantzukizun zibilak, zerga administrazioarekin sortutako zorrak neurri batean bakarrik, isunak eta bigarren aukerako prozedurak sortutako kostu judizialak.

Pertsona batek zorrik gabeko birjaiotze batera iristeko premiarik daukan ala ez ikusteko, eta beraz, ordaindu bariko pasibotik libre geratzeko betebeharrak betetzen dituen ala ez, gomendatzen da:

  1. Kaudimengabezia-egoera aztertu: sarreren %35-40tik gora erabili behar bada zorrak ordaintzeko, bigarren aukerarako hautagaia ziur.

  2. Zordunaren zorren jatorria aztertu behar da eta momentu oro fede onez jokatu dela frogatu.

  3. Ondasun masarik balego, ordainketa plan bat edo ondasunak kitatzeko plan bat.

  4. Oro har bizitzeko behar den gutxienekoa ondo xedatzea eta finantzen berrantolaketa.