Zuntz optikoa Pirinioetako oihanetaraino iritsi da!

2023ko urtarrilaren 3a da eta Euskalteleko teknikari bat Erronkariko karriketatik dabil gira eta bira, non dagoen ere ezin asmatu. Bart, bere Gasteizeko pisuan zegoela, hurrengo eguneko irteera-zerbitzuaren helbidea non dagoen begiratu du eta bi oren eta erdiko bidaia duela adierazi dio Google Mapsek. Bezeroari deitu dio orduan, etxetik goizeko 8etan aterako dela erranez, eta hortaz, Erronkarira 10:30etan iritsiko dela.

Hala, hurrengo eguneko 12:00etan bezeroari larrituta deitu dio, Izaba delako herri batean zegoela eta Erronkari ez zela bidaia osoan inon ageri. Bezeroak lasaitu du, gertu dagoela erranez, bi herri hegoalderantz xoatea besterik ez du.

Azkenik, iritsi da Erronkarira! Estu eta larri ari da bere akidura eta espantua baretu nahian bezeroaren aurrean, izan ere, azaldu dion moduan, Irunberri eta gero, Zaraitzuko ibar guzia zeharkatu eta Laza mendatea igaro eta gero, Erronkaribarrera iritsi da. "Ez da itzuli makala, motel! Baina hurrengo batean hobe duzu Nabaskozetik barna etorri eta Zaraitzu familiarekin Irati bisitatzeko utzi! Onki xin Erronkarira, hartu arnasa!", erran dio herritarrak irrika. Teknikaria arnasa berreskuratzen ari da, etxeraino iristen den aldapa luzea eta pikarra* izan baita. Etxeko inguruak miatutakoan, txundidura aurpegia areagotu zaio. Non kristo zegok zuntz optikoaren azkeneko hargunea? Bost etxe beherago topatu dute, instalatu behar duen tokitik 100 metrotara. Kopeta ilundu zaio zeharo. Telefonoa hartu eta nagusiari deitu dio: "Hi Tomas, hau oihana duk! Harria eta zuhaitzak besterik zeudek hemen!"

Hala, abiadura handiko zuntz optikoaren konexioaren finantzazioa osatu berri da Erronkaribarko zazpi herrietarako. Eraikitako azpiegiturak lurrazpiko 50 kilometro kanalizazio osatu ditu, Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Burgi eta Bidankoze lotzeko. Nafarroako Gobernuko Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailak ordaindu du gastuaren zatirik handiena, milioi eta erdi euroko inbertsioarekin, eta orain, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Sailak osatu du  338.000 euro izarriz. Europako funts horiek lortzeko, hitzarmen bat sinatu zen iaz Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin (SEPE), Pirinioetako Planaren barruan mikroenpresak sortzeko eta sustatzeko eta lurralde-proiektu bat garatzeko. Proiektu horrek hiru milioi euro izanen ditu 2022 eta 2023. urteteetan zehar EH Bilduk Madrilen aurkezturiko emienda bati esker.

Baina egun dugun finantziazio hau ez da beti hain argia izan. Telekomunikazioen eta teleoperadoreen mundua zeinen nahasia den xakin baitakigu! Hastapenean, 2020. urteko udaberrian, Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioak autonomia-erkidegoetako eremu zuri, gris eta beltzen zerrenda argitaratu zuen; eta Erronkarin orduan oraindik Banda Zabala ez genuen arren, eremu beltzatzat hartu zuen Ministerioak, hau da, estaldura zuen eremua, eta hortaz, administrazio publikoek ezin zieten operadoreei gure ibarrean zabaltzeko laguntzarik eman. Horrenbestez, Nafar Gobernuak Banda Ancha, Contra la Despoblación deituriko proiektu-proposamena egin zigun Erronkaribarko Batzorde eta udalei: zuntz optikoa lurperatzeko eta ibarreraino ekartzeko lanak (kasik 2 milioi euro) erdizka pagatzea, hau da, ko-finantziazio baten bidez: herriek %20 jarri beharko genuen hitzarmen horri jarraiki, hau da, 400.000 euro inguru.

Nafarroako Gobernuak proposaturiko hedapen-eredua lurrazpikoa zen eta Erronkaribarko Batzordetik bestelako aukera posibleak aztertzea eskatu genion arren (airekoa, kanpokoa…) ez ziguten beste aukerarik eman, soterratua izateak obra anitx garestitzen baitzuen. Gobernuaren dirulaguntza eskuratu nahi bagenuen, hala izan behar zuen. 2021eko negua amaitzear zela, hordagoa bota ziguten: onartu ala tren hori galduko genuen, eta ekusi artio!

Beraz, trena hartu genuen, jakina. Gobernuak Adamo enpresari zuzenean esleitu zion lana, lehenengo urtean berak soilik operatzeko eskumena emanez. Legala? Bidezkoa? No comments. 2022. urtea amaitzear zegoela, eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiak zuntz optikoaren inbertsioari aurre egiteko mailegua eskatua zuela, xakin genuen Pirinioetako Plana bideratzen duen Nafar Gobernuko sailak emanen zigula azkenean diru puska hori. Eta denok keben* sorionekuak!

*pikarra: pikoa, maldatsua, erronkarieraz.

*keben: hemen erronkarieraz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK