Memoria iparra ez galtzeko ezinbesteko dispositiboa da, baina batzuetan ahaztu egiten dugu ez dela mapa bat, igarobidea dela, bertara joan, bisita egin eta alde egitea komeni dela. Egunotan, azaroak 20 haren inguruko erreportaje, dokumental eta saio bereziak bata bestearen atzetik datozela, gazte batzuekin hizketan suertatu naiz, eta harritu egin nau ikusteak arkeologikoa dirudien jakin-minarekin begiratzen dituztela orduko isilune trinkoak, eguneroko beldurrak edo askatasun mugatuak. Arrotza zaie, bitxia, ia sinestezina. Niri garai hark ukitu edo egin ninduen, ez zen bete-beteko kolpea izan, baina ez zait, jakina, arrotza egiten. Ulertzeko txikiegia nintzen, bai, baina kontzientzia nahikoa geratu zitzaidan jakiteko hamarkada haiek ohean hil ez zen mentalitate-marka bat marraztu zutela.
Herentzia hori —zuhurtziak, muga ikusezinak, isiltasunaren pedagogia— oraindik ere bizirik dago egiteko modu askotan. Nabaritzen da, adibidez, gaur egun erantzukizun publikoko postuetan —politikan zein enpresetan— dabiltzan askok mapa mental horretan hazi zirela eta hantxe ikasi zutela mundu publikoan aritzen: gatazkak saihesten dituzte, egonkortasuna lehenesten dute berrikuntzaren gainetik, hierarkiak onartzen dituzte zalantzarako zirrikituak ixten, itsu-itsuan obeditzen. "Trantsizioa" hitzak iragatea esan nahi du: leku batetik bestera pasatzea da. Bada, handik irten ginen, baina helmuga kolektiboa oraindik burutu gabe dago.
Horixe izan zen gure herentzia, eta uko egiteko aukerarik ez genuen izan. Hor dago: ahotsa partekatzen ez duen lidergoa, akatsa zigortzen duen ingurunea eta autoritatea goitik behera, ez barrutik kanpora, erakutsi behar dela ulertzen duena. Memoria ispilu bat ere bada, eta kasu honetan bereziki baliagarria, argi erakusten digulako zein sekula berriro bisitatu beharko ez genituzkeen tokiak. Munduak —enpresa-mundua barne— guztiz kontrakoa behar du: pentsamendu kritikoa, entzuketa aktiboa, benetako aniztasuna, elkarrenganako erantzukizuna. Boterea banatzen duten lidergoak, ez pilatzen dutenak.
Enpresa askok ez dute baliabide faltagatik huts egiten, inertzia gehiegi dutelako baizik. Kulturak edozein plan estrategikok baino pisu handiagoa du, eta duela mende erdiko marko mentalak gure jokabideak gidatzen jarraitzen badu, berrikuntza hitz mordoilo bihurtzeko arrisku handia dago.
Hain zuzen ere, horrexegatik uste dut memoria kudeaketa-tresna indartsua dela: nondik gatozen ulertuta errazago antzeman ditzakegulako sormena, talentua eta bizikidetza oztopatzen dituzten automatismo kulturalak.
Eta nahitaezkoa zaigu, errealitatea zuri-beltzezko ispilu horren antz gero eta handiagoa hartzen ari delako: keinu berdinak, beldur berdinak, isiltasun berdinak, ate berberetan jotzen du izuak. Kezkatzen nau? Ez: ikaratu egiten nau. Baina aldi berean, badakit herentziazko marko horren aurrean beste bat datorrela indarrez, errotik desberdina dena. Belaunaldi berriak ez du aniztasuna harriduraz ikusten, aniztasunean bizi da. Eskubideak irabazita dituztela uste dute (eta uste ustela da, zoritxarrez) eta horixe da beren lur irmoa. Mundu batean hazi dira non elkarrizketa globala arnasketaren parte den. Beren mapa mentala askoz zehatzagoa da errealitatearekiko eta zabalagoa da: gure aurretik zihoazenentzat ordainlekuz eta bihurgune itxiz beteta zegoen autopistek osatzen dute.
Ez naiz inozoa, nik neuk ere irakurtzen ditut elkarbizitzaren bazterrik ilunenetara itzultzeko arriskuaz ohartarazten duten inkestak, aurrerapausoen aurkako erreakzioak eta beste garai batzuetatik datozela diruditen gorroto-diskurtsoak. Batak ez du bestea kentzen: etorkizuna beste mapa batzuetan barrena dator, ideiak, balioak eta esperientziak desberdinak dira eta giza-ingeniaritza berri bat darabilte: irekiagoa, sortzaileagoa, arduratsuagoa. Arazo handiak beste begi batzuekin ikusten dituzte eta oraindik existitzen ez diren konponbideak imajinatzeko gaitasuna ere badute.
Horretan datza gure ardura: egiten uztean. Izan ere, larriena ez da oraindik arrastaka dakargun zama ikusezin hori, nekatuta gaudelako edo sinesgogor bihurtu garelako zer utziko dugun egin gabe. Begiratu memoriaren ispiluan: Historiak erakusten du atzerapausoak horrela hasten direla, ez kolpe batez, etsipen nagiaz baizik.
50 urte ez omen da asko, baina nire bizitza ia osoa da. Nik beldurra jaso nuen herentzia gisa, baina orain nire atzetik datozen belaunaldiei paisaia mental zabalago bat eman diezaieket. Ez dute garbitu beharko guk garbitu behar izan genuen sastraka hura. Haiei dagokie horizonte berriak altxatzea. Iragana ez da inoiz guztiz joaten, beti zelatan dago itzultzeko zirrikituen bila: horixe da arriskurik handiena. Itzuli daiteke, bere bertsiorik okerrenean gainera, nekeak irabazten badu edo atzerapausoak normaltzen baditugu. Etorkizuna ez da helburua, egunero ausardiaz eraikitzen den lurraldea da. Ez da baimena iritsi arte itxaron behar abiatzeko, ezin zaio beldurrari bidea ireki, zabaldu egiten baita noranahi ia ohartu gabe. Belaunaldi bakoitzak memoria berri bat idatzi behar du: belaunaldi guztiei zor zaie aukera hori, betebehar historikoa ere badena.