• Izaskun Ellakuriaga kazetari eta euskaltzalea zendu da

Izaskun Ellakuriaga kazetari eta euskaltzalea zendu da

Gerediaga Elkarteko eta Durangoko Azokako komunikazio eta marketin arduraduna zen Ellakuriaga

Izaskun Ellakuriaga | Argazkia: Europa Press
Izaskun Ellakuriaga | Argazkia: Europa Press
2025eko uztailaren 17a - 13:20

Izaskun Ellakuriaga Bustintza kazetari iurretarra zendu zen atzo arratsaldean, 53 urte zituela, minbiziaren ondorioz. Euskal kulturaren bultzatzailea Durangoko Azokaren komunikazio eta marketin arduraduna zen, baita Gerediaga Elkartekoa ere. Bizkaia Irratiko esateri gisa lanean aritzen zen 06:00etatik aurrera, eta Marijo Deogracias kazetariarekin batera sortu zuen Lekukom komunikazio agentzia.

 

1995ean EHUn Kazetaritzan lizentziatu ostean, Multimedia Negozioen Zuzendaritza Masterra egin zuen 2003an. Ordurako Durangaldeako “Eraz” astekarian erredaktore eta zuzendaria zen; hori baino lehen, “Euskaldunon Egunkarian” egin zituen praktikak, eta “Bertsolari” aldizkariko erredakzio kontseiluko kide ere izan zen.

Urteak pasa ahala, Berrizko Udalean, 2005eko Ibilaldian eta 2009ko Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketan komunikazio aholkulari eta arduradun moduan aritu zen lanean.