2035erako konbustio autoen salmenta debekatu du Europako Parlamentuak

Ordurako auto eta furgoneta guztiek zero isurikoak izan beharko dute

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Europako Parlamentuak iraungitze data ezarri die konbustio autoei. 2035etik aurrera matrikulatutako auto eta furgoneta guztiek zero emisiokoak izan beharko dute. Europako erakundeek urrian lortutako akordioa berretsi dute eurodiputatuek, aldeko 340 botorekin eta kontrako 279rekin. Joan den urrian behin behineko akordio batera iritsi ziren Europako Parlamentua eta Europako Kontseilua isuriak murrizteari lotuta, eta gaur berretsita, 27 estatu kideen onespena bakarrik falta da neurriak aurrera egiteko.

Itunaren arabera, legedi berriak aurreikusten du, lehenik eta behin, 2030erako ibilgailuen emisio kutsatzaileen %55 eta furgoneten %50 murriztu beharko dela, 2021eko mailekin alderatuta. Ondoren, 2035erako, konbustio ibilgailuentzako debekua erabatekoa izango da.

Auto fabrikatzaileek aipatutako neurriak errespetatu beharko dituzte Europako Batzordearen dirulaguntzak jaso nahi badituzte. Hain zuzen ere, 2025 eta 2029 artean saldutako autoen %25ak zero isurikoa edo gehienez kilometro bakoitzeko 50 gramo CO2 isurtzen duena izan beharko du laguntzak jaso ahal izateko. Furgoneten kasuan, %30ak izan beharko du. Dirulaguntza horiek 2030era arte egongo dira indarrean.

Era berean, 2025ean hasita eta bi urtean behin, Europako Batzordeak ikerketa bat egingo du mugikortasun jasangarriaren bilakaera nolakoa den jakiteko.

Baina salbuespenak ere badira, neurriek ez baitie auto fabrikatzaile guztiei eragingo. Urtean auto gutxi egiten dituztenak salbuetsita egongo dira. Hala, urtean 1.000 eta 10.000  auto artean edo 1.000 eta 22.000 furgoneta artean egiten dituztenei luzapena emango diete 2035eko abenduaren 31ra arte, eta urtean 1.000 ibilgailutik behera egiten dituztenei ez die neurriak eragingo. Orokorrean luxuzko markak dira urtean auto gutxi egiten dituztenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK