Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria abiatu da gaur. Irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak, eta hiru laguntza banatuko ditu Fagor Taldeak, 60.000, 40.000 eta 20.000 eurokoak, 120.000 euro orotara.
Programaren bosgarren edizio izango da aurtengoa, eta helburu du “Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean ari diren gizarte egitasmoak laguntzea, kooperatiba taldeak komunitatearekin eta gizarte erronkekin duen konpromisoa oinarri”.
Fagor.eus webgunean aurkeztu ahal izango dira proiektuak, eta, besteak beste, aurkeztuko den gizarte-proiektuari buruzko informazioa, Garapen Iraunkorreko Helburuekin duen lotura, kronograma, aurrekontua eta finantzazio plana helarazi beharko dira.
Fagorreko bazkideek azaroan aukeratuko dituzte hiru proiektu irabazleak, zeinak abenduan iragarriko diren. “Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propio eta berritzaileak emateko lan egiten duten proiektuak” izango dira betiere.
Aurreko urteetako irabazleen artean dira Zaporeak, Seaska ikastolen federazioa, Biolur, Hiruatx, Arizari, Shifa, Iñurri edota Txintxirri ikastola.
“Argia da Fagorren konpromisoa. Lana sortu eta lurraldearen ongizatea bultzatzetik harago doa haren xedea. Bidezko ereduen alde egin nahi du, eskala desberdinetatik eragin, izan Debagoiena eskualdetik, Euskal Herritik edota nazioartetik. Besteak beste, Euskal Herriko eragileen lana aitortzeko eta euren jardunean laguntzeko balio du Fagor Herrigintzak”, azaldu du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta