Abian da Munduko Bankuaren kongresua BECen

‘Innovate4Climate’ izeneko kongresuan klima larrialdiaz ariko dira zenbait aditu ostegunera bitarte

I4C kongresua | Argazkia: BEC I4C kongresua | Argazkia: BEC

Bi urtez modu birtualean egin ondoren, Munduko Bankuak aurten ekin dio berriro ere klimari buruzko nazioarteko kongresua aurrez aurre egiteari. BECen izango da zazpigarren edizioa, gaurtik hasi eta ostegunera bitarte. ‘Innovate4Climate’ izeneko kongresuak sektore publiko eta pribatu nagusiak bildu ditu, finantzen, merkatuen, politikaren eta teknologiaren arloetako klima irtenbide berritzaileenak erakusteko.

Parte hartzaileek aukera dute klima ekintza gehien bultzatzen ari diren liderrekin harremanetan jartzeko, ikuspegi aurreratuak ezagutzeko, eta inbertitzaile, bezero eta bazkide berriak identifikatzeko. Izan ere, kongresuan gobernu askotako agintariek parte hartzen dute, baita garapen bankuek, nazioarteko erakundeek, multinazionalek, klimaren aldeko plataformen arduradunek eta planetaren iraunkortasunarekin konprometitutako beste eragile batzuek ere. Hiru egunez, finantzaketa publikoa eta pribatua mobilizatzera, karbono merkatuen etorkizuneko ideiak trukatzera, eta klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proiektuak garatzeko irtenbide berritzaileak ezartzera bideratutako tailer eta foroetan parte hartuko dute.

Programa zabalean, goi-mailako osoko bilkurak, tailerrak eta erakusketa-guneak izango dira, baita kazetarientzako prestakuntza-tailer espezifiko bat ere. Jardunaldi bat gazteentzat izango da, eta ekintza klimatikoekin konprometituta dauden mundu osoko ehun lider klimatiko baino gehiago bilduko dira.

Antolatzaileen arabera, I4C konferentzian parte hartzeak negozio aukerak aztertzeko balio lezake, eta baita klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezkoak diren sektoreetan enpresa aktiboenen ikusgarritasuna sendotzeko ere.

Aurrez aurreko azken edizioa Singapurren egin zuten 2019an, 82 herrialdetako 1.200 ordezkari baino gehiago bilduta.

Eskualdeen funtsezko rola

I4C kongresuaren irekiera ekitaldian izan da Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua. Bertan adierazi duenez, eskualdeek “funtsezko rola” bete behar dute klima aldaketaren aurreko eraldaketan, eta “elkartasunean, deszentralizazioan eta multilateralismo inklusiboan” oinarritutako munduko gobernantzaren alde egin du. “Erabateko eraldaketa baten aurrean gaude, krisi klimatikoak ez dituelako muga politikoak ulertzen”, gaineratu du sailburuak.

Kongresuari egindako ekarpen gisa, erakunde azpinazionalek arintze eta egokitze jardueretan parte hartu dutela azpimarratu du. Zehazki, eskualdeetako gobernuek arintze neurrien %75 eta klima aldaketara egokitzeko neurrien % 90 aplikatzen dituztela zehaztu du, “askotan kide diren estatuak baino anbizio handiagoz”. Ondorioz, erakunde horien zeregina defendatu du.

Berretsi egin du beharrezkoa dela alde anitzeko beste adostasun bat lortzea, herritarrak, nazioko, eskualdeko eta tokiko agintariak, gizarte zibila eta sektore ekonomikoak barne hartuko dituena, nazioz gaindiko erakundeekin "lankidetza estuan". Bere ustez, munduko gobernantzaren etorkizuna "elkartasunean, deszentralizazioan eta multilateralismo inklusiboan" oinarritzen da, horrela bakarrik lortuko baita "trantsizio justu hori".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK