Abian dira Bilboko Portuan deskarbonizazio-zentroa egiteko lanak

Hasierako inbertsioa 103 milioikoa izango da. Proiektuak Aramco Saudi Arabiako konpainia publikoa izango du bazkide

Unai Rementeria, Josu Jon Imaz, Iñigo Urkullu, Emiliano López Atxurra eta Gregorio Villalabetia gaurko ekitaldian. Argazkia: EP Unai Rementeria, Josu Jon Imaz, Iñigo Urkullu, Emiliano López Atxurra eta Gregorio Villalabetia gaurko ekitaldian. Argazkia: EP

Repsol Taldeak Deskarbonizazioko Hub-aren obrak hasi ditu ostiral honetan Bilboko Portuan. Lehen fasean, 103 milioi euroko inbertsioa egin du erregai sintetikoen planta baterako, eta hiri-hondakinak balorizatzeko proiektu bat ere aurreikusi du.

Lehenengo harria jartzeko ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak parte hartu dute.

Petronor eta Repsolek sustatuko proiektua da eta Euskal Herriko zein nazioarteko bazkideak izango ditu, hala nola Enagas, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Aramco Saudi Arabiako konpainia publikoa. Egitasmoa Hidrogenoaren Euskal Korridorearen ekimenaren parte da.  

Bilboko portuan egongo da Deskarbonizazio Zentroa eta erregai garbiak ekoizteko bi planta izango ditu, karbono-isuriak murrizten lagunduko dutenak. Alde batetik munduan horrelako instalazio handienetakoa izango dena. Atmosferatik kendutako CO2 eta ura lehengai bakar gisa erabilita zero arrastoko erregaiak ekoiztuko dira bertan. Guztira 103 milioiko inbertsioa aurreikusten da. 

Gaurko ekitaldian azaldu dutenez erregai sintetiko horiek, gaur egungo edozein ibilgailutan erabil daitezke, hala nola autoetan, kamioietan, itsasontzietan edo hegazkinetan. Helburua da zero isurtze garbi dituzten erregaiak lortzea, hau da, "Sortutako CO2 isurien eta atmosferatik ezabatzen direnen arteko oreka lortzea, eta hori funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan".

Erregai sintetikoen instalazio hori 10 MW-ko elektrolizatzaile batek sortutako hidrogeno berriztagarriz elikatuko da. Hidrogeno berriztagarria uretatik sortzen da, eta, bestalde, erregai sintetikoak ekoizteko behar den karbono dioxidoa Petronorren findegitik bertatik lortuko da zuzenean. Iberiar Penintsulako findegi bakarra da eta CO2 hartzeko, biltegiratzeko eta erabiltzeko prozesuak integratu dituen Europako bakarrenetakoa. Hidrogeno berriztagarria eta CO2 batera tratatuko dira Bizkaiko instalazioan, zero isurtze garbiko erregaiak lortzeko.

Hasiera batean urtean 18.000 upel erregai sintetiko baino gehiago ekoiztea aurreikusten da, Bilbo-Madril hegaldietako erregai-beharrak urte oso batez asetzea ahalbidetuko lukeen kopurua. Petronorrek azaldu duenez, erregai garbi horiek, sektore aeronautikoan erabiltzeaz gain automobiletan, itsasontzietan edo kamioietan instalatzen diren errekuntza-motorretarako ere erabili ahal izango dira.

Hondakinen balorizazioa

Aurreikusitako bigarren proiektuak hiri-hondakinak balorizatuko ditu, hala nola, papera, kartoia, plastikoak edo oihalak. Zabortegi batean amaitu beharrean, energia eta material berriak ekoizteko baliatuko dituzte. Hala, lortutako olioa edo gasa Petronorrek bere ekoizpen-prozesuetarako behar duen ohiko erregaien kontsumoa partzialki ordezkatzeko erabiliko da. Behin instalazioak martxan, urtean 10.000 tona inguruko hondakinak prozesatzeko ahalmena izango dute, urtez urte kopurua handituz 100.000 tonara iritsi arte. Hori da EAEn urtebetez sortutako hiri-hondakinen kopurua. 

Gaurko ekitaldian Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak nabarmendu du proiektua "neutraltasun teknologikoaren" adibidea dela. Bere ustez trantsizio energetikoa ez da "lasterketa ezta ideologia ere", maratoia baizik, "Esfortzua, muskulatura eta inbertsioa" eskatzen duena. "Oinak lurrean dituen" trantsizioa aldarrikatu du, oinarri "industriala eta teknologikoa" duena. Ildo horretan, Europak karbono-isurien esportazioan oinarritutako trantsizioa planteatu duela salatu du.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du energia-ibilbideko orri berriak "munduko herrialde guztien agenda markatzen" duela. Euskadiren ibilbide-orria Basque Green Deal, Euskadiko Itun Berdea dela nabarmendu du Urkulluk eta deskarbonizazioak energia berriztagarrien aldeko "apustu argia" eskatzen duela esan du. 

Lehendakariak gaineratu du 3.000 milioi euroko sorkuntza-proiektuak aurkeztu dituztela Europako Funtsetan eta 35 milioi euro sartu dituztela hidrogenoaren korridorearen hiru proiektu bizkortzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK