Aclima euskal ingurumen klusterraren Batzar Nagusia izan da gaur Donostiako Aquariumen, eta bertan datozen lau urteetarako presidentearen izendapena onartu dute. José Luis Elejalde Hernanik hartuko du kargua. Industria Ingeniaria eta Enpresen Kudeaketa eta Zuzendaritzako Masterra eginikoa, 2005tik Tecnalia zentro teknologikoan dihardu Elejaldek, bertako Energia, Klima eta Hiri Trantsiziorako Unitatea zuzendari lanetan. Bere ibilbide profesionalean Socap S.A., Sener Ingeniería y Sistemas eta Andersen Consulting (Accenture) enpresetatik ere igaro da.
Aclimako zuzendaritza batzordea ere berritu dute, honakoek osatuko dutena: Jon Viteri Solaun (Afesa Medio Ambiente), Paco Murillo Morón (Basoinsa), Carlos Moreno Polo (Cementos Lemona), Begoña Vallejo Maillo (Cimas Innovación y Medio Ambiente) (idazkaria), Janire Bijueska Bedialauneta (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa), Sofía García Arana (Ekoiure), Francisco Barreda García (FCC Ámbito), Aitor Ulibarri Urretxu (GMSM), Xabier Caño González (Grupo Tradebe Medio Ambiente), Asier Ochoa de Eribe Iturrieta (Heidelberg Materials) (lehendakariordea), Alberto Chavarría García (Iberdrola), Rafael Sagarduy Careaga (IDOM), Esteban Marijuan-Requeta Zorrilla (Indumetal Recycling) (diruzaina), Teresa Tejero Argüelles (Ondoan), Raúl Domínguez Llauro (PreZero), José de la Sen Urraza (Sener) eta Inés Alonso Jiménez (Zabalgarbi).
2025, hazkunde urtea sektorearentzat
Batzarrean, Aclimak klusterreko kide diren enpresen 2025eko balantzea aurkeztu du. Horren arabera, hura osatzen duten 139 bazkideen fakturazio bateratua 3.205 milioi eurokoa izan zen, %7ko hazkundearekin, eta aurreko ekitalditik %5 hazi da zuzenean sortzen duten enplegu kopurua, 7.300 langileraino. Gorakada gehiena, baina, ikerketa, garapen eta berrikuntzako jardueretara bideratutako inbertsioan izan zen, %10 baino gehiago hazi baitzen 2024tik, 336 milioi eurora iritsi zen. Azken horri loturik, Olga Martín zuzendari nagusiak adierazi du, “duela urte batzuk ingurumen- betebehar huts gisa ikusten zena aukera bihurtu da berrikuntza sortzeko, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta eredu ekonomiko jasangarriago eta erresilienteagoetarako trantsizioa bizkortzeko”.
2025eko balantzeaz gain, 2023-2026 Plan Estrategikoaren garapen-maila ere izan da hizpide, 2025ean lortutakoetan fokua jarrita. Horren arabera, Aclimak 122 egitasmo sustatu ditu enpresen lehiakortasuna indartzeko, lankidetza
bidezko berrikuntza sustatzeko, eragileen arteko aliantzak errazteko eta erakunde bazkideentzat aukera berriak sortzeko asmoz.
EAEko Barne Produktu Gordinean %5,3 baino gehiagoko pisua dute sektoreko enpresek. Aclimak azpimarratu duenez, "horrek agerian uzten du jasangarritasunak, ekonomia zirkularrak, baliabideen kudeaketa eraginkorrak, deskarbonizazioak eta ingurumen-berrikuntzak lurraldearen garapen ekonomikoan duten gero eta garrantzi handiagoa".