Airearen kalitateak hobera egin du, berotegi-efektuko gasak murriztu egin dira eta kutsatutako lurzoruak berreskuratu dira EAEn. Datuetan oinarrituta eman ditu gaur baieztapen horiek Eusko Jaurlaritzak, bere esku dagoen Ihobe Ingurumen-jarduketarako Sozietate Publikoak eginiko 2025eko txostena hizpide izanik.
Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak aurkeztu ditu “Euskadiko ingurumen-koiunturari buruzko 2025eko txostena” izeneko azterlanaren emaitzak gaur goizean; bere esanetan, EAE “aurrera egiten” ari da ingurumenari loturiko hobekuntzetan, nahiz eta gogoratu duen aurrerapausoek “anbizioa eta konpromiso partekatua eskatzen dituztela”.
2025eko emaitzak
Airearen kalitateari dagokionez, urteko egun guztien %94k maila ona edo oso ona izan zuten, 2024an baino %3 gehiagok. Ildo beretik, PM10 partikulen kopurua nabarmen jaitsi da, 2012. urtearekin alderatuz gero %33; partikula horiek oso-oso txikiak dira (hamar mikrometrorainoko diametroa dute) eta arnasbideetan sartzen dira, osasun arazoak eraginda. Airearen kalitatearekin loturik, txostenean azaldu da nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa Europak jartzen dituen mugaren azpitik mantentzen dela oraindik ere.
Berotegi-efektuko gasak ere pixkanaka beheratzen joan dira urtez urte: 2005etik 2024ra bitartean (azken datua urte horretakoa da) isurketak %38 murriztu dira. Hala ere, 2030. urterako %45eko murrizketa lortzea denez helburua, aurkezpenean gogorarazi dute beharrezkoa dela “zenbait sektoretan ahaleginak areagotzea, garraioan eta deskarbonizazio zaileko beste jardueretan, kasu”.
Energia berriztagarriek eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen berreskurapenek gora egiten jarraitu dute. Lehenengoari dagokionez, 2018. urtetik “hazkunde iraunkorreko joera” izan da; bigarrenari dagokionez, lehengoratutako azalera 1.639 hektareara iritsi da.
Bestalde, hondakinen sorrera ere neurtu da azterlanean: biztanle bakoitzak 439 kilogramo hiri-hondakin sortzen ditu urtean, baina jakinarazi dutenez helburua da zifra 419 kilogramora jaistea hamarkadaren amaierarako.
Erronkak
Emaitzak, oro har, onak izan arren, badira beste hainbat alor zeinetan aurrerapenak “geldoagoak” diren. “Batez ere ur-masen egoera ekologikoari dagokionez, baita biodibertsitatearen beste adierazle batzuei dagokienez (neguko ur-hegaztien kasuan bezala) jarduera iraunkorrak eta ikuspegi integratuagoak behar dituzte”, zehaztu dute.
Gizarte-pertzepzioan ere badago zer hobetu: herritarren erdiak (%51) adierazi arren prest dagoela bere ohiturak aldatzeko, oraindik ere %28k dio ez dela asko kezkatzen (edo batere ez) klimaren inguruko gaiengatik. “Horrek agerian uzten du beharrezkoa dela sentsibilizazio eta komunikazio publikoa indartzea”, ohartarazi dute. Josu Bilbaok “klima-negazionismoaren” aurrean zientziaren aldeko apustua ezinbestekoa dela gaineratu du.