Akordio politikorik gabe bukatu da COP31

Erregai fosilak ez aipatzea eta finantzazioari buruzko ikuspegi desberdinak izan dira azken testua ez onartzeko arrazoi nagusiak

COP31ko itxiera saioa | Argazkia: COP31 Türkiye
COP31ko itxiera saioa | Argazkia: COP31 Türkiye
2026ko azaroaren 23a - 10:02

COP 31 Aldaketa Klimatikoari buruzko Goi Bilera atzo amaitu zen Antalyan, Turkian. Eta beste behin, ez da adostasun politikorik lortu. Hainbat orduko bileraren ostean, Europar Batasunak zein Hegoalde Globaleko hainbat herrialdeek baztertu egin zuten bilera itxi ohi duen deklarazio bateratuaren azken testuari  —Antalyako Ituna deritzonari— oniritzia ematea, zeina Turkiak eta Australiak ondu zuten.

 

EBren izenean hitz egin duen Darragh O’Brien Irlandako Klima ministroak defendatu du bertako edukiak ez diola benetan erantzuten larrialdi klimatikoari. Europak dio ez dagoela erregai fosilei buruzko inolako erreferentziarik, nahiz eta berotze globalaren zergati nagusienetakoa izan. Horren ordez, zirriborroak karbonoa harrapatzeko eta biltegiratzeko teknologiak (CCUS) sustatzen ditu 2035erako, petrolio-industriak bultzatutako irtenbide bat dena, eta arazoaren oinarriari heltzen ez diona.

Hala ere, ez da testua aurrera ez ateratzearen arrazoi bakarra izan. Klima aldaketari aurre egiteko finantzazioaren esparruan ere talkak izan dira. Nahiz eta amaieran EBk esan "COP honek ez du porrot egin finantziazio klimatikoagatik", goi-bileran zehar EB bera izan zen finantziazio-akordioa blokeatu zuenetako bat. Izan ere, Ukraina eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako krisi energetikoen eta defentsa-gastuen ondorioz, Bruselak uste du ez duela tarterik Hego Globalari funts publiko gehiago agintzeko. Gainera, Garapen bidean dauden herrialdeek testua baztertu zuten finantziazio-bermeak ahulegiak iruditu zitzaizkielako, alegia, Itunak ez zuelako zehazten nork, nola eta zenbat diru publiko jarriko zuen Hego Globaleko herrialdeek uholdeei, lehortei eta bero-boladei aurre egiteko.

 

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak adierazi zuen "atsekabetuta" dagoela "COP31 adostasunik gabe amaitu delako". Izan ere, "negoziazio gelan adostasunik ez" egonda ere, mahaigaineratu zuen
"klimaren muturrak areagotzen" ari direla, eta "atzerapen bakoitzak zailago eta garestiago bihurtzen du gure lana".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain