• JASANGARRITASUNA
  • Altzairuaren eta metalen eraldaketa zirkularra sustatzeko proiektua aurkeztu du Jaurlaritzak

Altzairuaren eta metalen eraldaketa zirkularra sustatzeko proiektua aurkeztu du Jaurlaritzak

Basque Zirkular Metals izena duen egitasmoak siderurgia, automobilgintza, mugikortasun jasangarria, energia eolikoa, fabrikazio aurreratua eta eraikuntzaren sektoreei egin nahi die ekarpena

Basque Zirkular Metals proiektua sustatu duten erakundeetako ordezkariak | Argazkia: Irekia
Basque Zirkular Metals proiektua sustatu duten erakundeetako ordezkariak | Argazkia: Irekia
2026ko irailaren 16a - 15:52
Eg. 2026ko irailaren 16a - 16:10

Metalaren euskal industriari bultzada berri bat emateko proiektua aurkeztu du gaur goizean Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Digitalizazio eta Trantsizio Energetikorako sailburuak. Basque Zirkular Metals izenekora 25 milioi euro inguru bideratuko dira, eta 11 enpresa eta 25 kluster industrialek, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek parte hartuko dute. Zehazki, honakoek: ArcelorMittal Sestao, Sidenor, Grupo Tubacex, Gescrap, CAF, Gestamp, Gamesa Gearbox, Haizea Wind Group, Viuda de Sainz, Etxetar eta FMD Carbide enpresek; Siderex, AFM, Buid:INN, Acicae eta Aclima klusterrek; eta BRTA, EHU eta Tknikak.

 

Hala, egitasmoaren fokua siderurgia, automobilgintza, mugikortasun jasangarria, energia eolikoa, fabrikazio aurreratua eta eraikuntzaren sektoreetan jarriko da. Izan ere, esparru horietako ordezkariekin urte hasieran eginiko kontrastetik ateratako proiektua da. Sektore horiek altzairuaren eta beste metal batzuen eskuragarritasunaren, kalitatearen eta prezioaren menpekotasuna dute, eta beharra ikusten dute kalitatezko txatarra eskuratzeko bideak zabaltzea, baita "hobekuntza teknologikoa, materialen trazabilitatea, ekodiseinua, negozio-eredu berriak eta erregulazioaren arloari" aurrea hartzea ere. 

Horretan, aurreikusitako lehen mugarria da altzairu, aluminio zein bestelako metaletan pasaporte digitala delakoa txertatzea, Europak hala ezarri baitu produktuen trazabilitate digitala bermatzeko, materialen jatorria, eginiko ibilbidea eta abar ikusgarri egin asmoz. Izan ere, horrek ahalbidetu dezake produktuak konpontzeko errazagoak izatea eta emisioak gutxitzea, baita bigarren bizitza emateko aukerak zabaltzea ere. 

 

Sektoreok EAEren eredu industrialean pisu azpimarragarria dute. Izan ere, industriako balio erantsi gordinaren %49 suposatzen dute, eta 110.000 langileri ematen die lana. Hori bakarrik ez: urteko 10 milioi tona metal behar izaten dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta karbono aztarnaren %63 hortik dator. Proiektuarekin, Europako erreferentziazko eskualde gisa finkatu nahi du EAEk metalen ekonomia zirkularrean.

Jauregik nabarmendu du Euskadi 2030 Industria Planean jasotzen diren 25 proiektuetako bat dela Basque Zirkular Metal. Zehazki, abian jarri den 16.ena da, eta aurkeztu direnetatik, lidergo publikoa izango duten hamargarrena.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain