
Euskal Herrian, kultura eta industria identitate indartsua duen lurraldean, modak bere hizkuntza propioa aurkitu du tradizioaren eta modernitatearen artean. Amarenak eta SKFK bezalako tokiko markek fenomeno berdinaren bi aurpegi irudikatzen dituzte: iraunkortasunaren, benetakotasunaren eta nazioarteko proiekzioaren bidez balio erantsia bilatzea. Bata kaiku tradizionalaren sustraietatik dator, modu garaikidean berritzeko asmoz; bestea, bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, moda etiko eta ziurtatuaren erreferente europar gisa finkatu da.
Amarenak: mugak zeharkatzen dituen tradizioa
Oihane Pardo arkitektoak familia ondaretik sortu zuen Amarenak, amonarengandik jaso zuen kaikutik, zehazki. Markak euskal kulturaren jantzi enblematiko hori berritzen du ehun naturalekin, tokiko ekoizpenarekin, eta moda eta ondarea elkartzen dituen narratibarekin.
Bezeroak beti izan dira markaren oinarrietako bat. Crowdfunding kanpaina bati esker jaioa, bederatzi urte daramatza funtzionamenduan. Are gehiago, tarte horretan atera dituzten bildumetatik gutxienez hiru finantzatu dituzte aipaturiko sistema bitartez.
Bi urtetan, Amarenak Europa, Amerika eta Asiako hainbat herrialdetan saltzea lortu du, bertako bezeroei zuzenean salduta. Donostiako Alde Zaharrean duen denda ez da salmenta-gune bat soilik, baita museo txiki bizi bat ere, non tradizioa eta diseinua elkarrekin bizi diren. Estatu Batuetako diasporakoak dira Espainiar estatutik kanpo gehien erosten duen bezeroak. Japoniar merkatua da hurrengoa. Pardoren ustez, bai Euskal Herriak zein Japoniak kulturarekiko, ondarearekiko eta artisautzarekiko sentsibilitate berezia partekatzen dute.
Bi urtetan, Amarenak Europa, Amerika eta Asiako hainbat herrialdetan saltzea lortu du, bertako bezeroei zuzenean salduta
Amarenaken balio erantsia bere kultur proposamenean datza. Hori lortzeko, urtean behin istorio bat sortzen dute. Aurten, zapi bilduma baten bitartez, euskal emakumeek eramaten zituzten kaxmirreko zapien istorioa kontatu nahi izan dute. Azken urteotan, aurre salmentaz baliatu dira bezeroen iritzia eta jantzi bakoitzaren ekoizpen kantitatea jakiteko.
“Diseinu berriak egiten ditugunean, diseinu zaharrekin bat egiten saiatzen gara, iraunkortasuna bermatzeko. Hori filosofia moduan hartuta, aurtengo bildumako zapien koloreak pasa diren bildumetako estilo eta koloreekin bat egiteko aukeratu ditugu”, dio Pardok.
Jantzi bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta, aldi berean, produktu benetako eta jasangarrietan interesatuta dauden nazioarteko kontsumitzaileekin konektatzeko nahiari eusten dio.

SKFK: aitzindari lokaletik erreferente globalera
1990eko hamarkadan Bilbo inguruan Skunkfunk izenarekin jaioa, SKFK marka alternatiboa izatetik moda jasangarriaren nazioarteko erreferente izatera igaro da. Espainian GOTS (2013) eta Bidezko Merkataritza (2017) ziurtagiriak lortu zituen lehena izan zen, eta gaur egun diseinua, kolorea eta konpromiso soziala bateratzen ditu 30 merkatu baino gehiagotan.
Hasieran ekoizpen-eredu tradizional batean oinarritzen ziren arren, iraunkortasunak, gardentasunak eta hornitzaileekiko harreman estuek beste bide bat eskatzen zutela konturatu ziren. Maia Curutchet SKFKko diseinatzaileak dioen bezala: “Ekoizpena hurbildu, dibertsifikatu eta bazkide gutxiago baina konfiantza gehiago duen sare batekin hasi gara lanean. Gure balioekin lerrokatzen gaitu, eta kalitate handiagoa bermatu digu”.
Maia Curutchet (SKFK): “Ekoizpena hurbildu, dibertsifikatu eta bazkide gutxiago baina konfiantza gehiago duen sare batekin hasi gara lanean. Gure balioekin lerrokatzen gaitu eta kalitate handiagoa bermatu digu”
2023an, 10 miloi euroko fakturazioarekin itxi zuen; aurten, aldiz, ez dira iritsi fakturazio helburura, nahiz eta oso gertu geratu. “Horren atzean, testuinguru geopolitikoaren eta makroekonomiaren aldaketak daude”, aitortu du Curutchetek. Hala ere, gaur egun bere bildumak marka anitzeko 620 saltokitan eta Espainia, Frantzia eta Txileko denda-sare propio batean banatzen dira.
Gainera, Green Fashion bezalako pasareletan desfilatu izan dute. Euren ustez, hori oso aukera ona izan da marka jasangarritasunaren erreferente gisa kokatzeko eta ikusgarritasuna handitzeko: “Halako ekitaldiek aukera ematen digute gure istorioa kontatzeko, gure balioak partekatzeko eta komunitate global batean gure posizionamendua sendotzeko. Horregatik, eragin emozional eta estrategiko oso garrantzitsua izan dute", argitu du diseinatzaileak.

SKFKren balio erantsia bere eskalan eta koherentzian dago: iraunkortasuna hazteko oztopo ez dela frogatzea lortu du, abantaila lehiakorra bezala ikustea baizik.
Erroak eta proiekzioa
Tamaina eta ibilbide desberdinak izan arren, Amarenak eta SKFKk ikuspegi komun bat partekatzen dute: iraunkortasuna ez da etiketa bat soilik, negozio eredu bideragarri bat ere bada. Bilbon sortutako marka etengabeko aurrerapena ikusten ari da Europa Erdialdeko herrialdeetan. Gainera, azken urteotan gero eta interes handiagoa antzeman du merkatu berrietan, batez ere jasangarritasuna “funtsezko baliotzat” jotzen den merkatuetan.
Amarenak kultur karga handia duten ekoizpen mugatuetan zentratzen da, bezeroen iritziaren laguntzaz estiloak eta kantitateak zehaztuta. Modu horretan bermatzen dute saldu ezin duten soberakin handirik ez izatea. “Zerbaitek arrakasta handia izan duela ikusten badugu, itxaron zerrenda irekitzen dugu eta beste bidalketa bat egiten da, baina sistema horrek eraginkorragoak eta jasangarriagoak izaten laguntzen digu,” azaldu du Pardok.
Oihane Pardo (Amarenak): “Zerbaitek arrakasta handia izan duela ikusten badugu, itxaron zerrenda irekitzen dugu eta beste bidalketa bat egiten da"
Biek norabide bat zehazten dute: Euskal Herrian, moda ibilgailu kulturala izan daiteke, baita enpresa-proiektu lehiakorra ere. Amarenak eta SKFK horren bi kasutzat jo daitezke, erakusten baitute balio erantsiak eta iraunkortasunak eragin ekonomiko eta soziala sortzen dutela. Batak tradizioa berreskuratu eta kontakizun material bihurtzen du; besteak nazioartean hedatuta dagoen eredu industrial etikoa sendotzen du. Elkarrekin erakusten dute Euskal Herrian modak, janzteaz gain, istorioak kontatzen dituela eta merkatuak irekitzen dituela.