Arabak gero eta hondakin gutxiago sortzen ditu

Papera eta beira dira gehien birziklatzen diren materialak

Saray Zárate foru diputatua | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Saray Zárate foru diputatua | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko maiatzaren 23a

Arabako Foru Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztu ditu gaur hondakinen kudeaketa arloan azken urteetan egindako aurrerapenak, 2019-2022 urteetan zehar egin zen ebaluazioaren bitartez. Datuen arabera, hondakinen sorkuntza %5 murriztu da, eta 2023an biztanleko 390 kilo hondakin sortu ziren, azken hamarkadako kopururik txikiena. Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak ondorengoa adierazi du: “Hondakinen sorreran izandako murrizketa hori BPGren igoerarekin kontrastatzen bada, ikusten da ekonomiaren aurrerapenaren eta hondakinen sorreraren artean desakoplamendua gertatzen ari dela”. Birziklapen tasa ere %37ra iritsi da, papera eta beira izanik birziklatze-tasa altuena duten materialak.

 

Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak, 2017an hasi eta 2030era bitartean luzatuko denak, hiru jardun-lerro ditu: “gobernantza ona, hierarkia eta jasangarritasuna”, eta, hori dela eta, hainbat proiektu pilotu nabarmendu ditu Záratek, hala nola, Kripango etxez etxeko bilketa eta konpostatzea, eta Gasteizko Konpondu programa. Azpiegituren alorrean, diputatuak gogorarazi du lizitazio fasean dagoela KompostAraba konpostatze-instalazioa, eta, aldi berean, prestatzen ari direla tamaina handiko hondakinen tratamendurako gune berriak.

Halaber, prebentzio neurrien artean, martxan jarri dira bio-hondakinen bilketa eta kudeaketa sustatzeko laguntza lerroak. Záratek azaldu duenez, 13 milioi euro bideratuko dituzte planaren helburuak betetzen jarraitzeko, alegia, 2024. urtean baino %44 gehiago. Azkenik, gaineratu du planak erronka handiak ekarriko dituela, eta horiek gainditzeko, administrazioaren inplikazio sendoa beharko dela.