Garraio sistemaren isurketak %50 murriztea du helburu Arabako Foru Aldundiak

Alavabusen eskaintza handitzea, gaueko zerbitzua ematea eta industrialdeekiko lotura hobetzea dira Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planean eginiko beste proposamen batzuk

Alavabusen eskaintza %36 handitzea da helburuetako bat | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Alavabusen eskaintza %36 handitzea da helburuetako bat | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Plana behin betiko onartu eta aurkeztu dute gaur Arabako Batzar Nagusietan. Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak aurkeztu duen dokumentuan jasotzen dira 30 neurri eta jarduketa proposamen, eta horiek egiteko 68 milioi euro erabiliko dira datorren hamar urteetan zehar.

Planaren helburua da “foru garraioaren eskaintza indartzea” eta “jauzi kualitatiboa ematea”. Nogalesen hitzetan “asmo handiko plan errealista eta partekatua” da. Hauek dira plan berrian aipatzen diren egitasmoetako batzuk: Alavabusen eskaintza %36 handitzea, gaueko zerbitzua eskaintzea, garraio sistemaren isurketak %50 murriztea, tarifak Arabako garraio publikoko gainerako operadoreekin integratzea, industrialdeekiko lotura hobetzea, eta abar.

Alavabusi buruzko hainbat azalpen eman ditu Nogalesek. 06:00etatik 23:00etara zerbitzu jarraitua ematea eta asteburuetan gaueko garraioa ezartzea dira aipatutako proposamen batzuk. Autobus aldaketa bakarrarekin ospitale, ikastetxe eta tren zein autobus geltokiak herriguneekin lotuko dituztela gaineratu du. Alavabusen eskaintza hobetzeko orotara 26,7 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute.

Bestalde, tarifen gainean hitz egin du Nogalesek. “Aldundiak urrats garrantzitsuak egin ditu deskontu progresiboko sistema” ezarrita, azaldu du. "Kolektibo berezientzako txartelaren prezioan hobaria aplikatzen hasiko gara, BAT txartel pertsonalizatuaren bidez. Urtarrilaren 1etik aurrera, hamabi urtetik beherakoek doan izango dute txartela foru garraioan, garraio publikoa txiki-txikitatik sustatzeko” gaineratu du.

Azkenik, aldundiak azaldu du planaren hasierako bertsioak hamahiru alegazio idazki eta 120 proposamen jaso ostean, 29 osorik edo partzialki onartu zituztela, eta 24 proposamen jada testuan aurrez jasota zeudela; gainerakoei dagokienez, esan dute “44 ondorengo izapideetan baloratu behar” direla, “hala nola emakidak berritzeko aurreproiektuak idaztean".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK