• JASANGARRITASUNA
  • Ardi latxaren artilea eta mahastiak lotu dira proiektu jasangarri batekin

Ardi latxaren artilea eta mahastiak lotu dira proiektu jasangarri batekin

Emakumeen arteko elkarlan aintzindariak Nafarroako soroak irauli ditu

Otazu Upeltegian ardi latxarekin eginiko estalkiak erabiltzen dituzte | Argazkia: utzitakoa
Otazu Upeltegian ardi latxarekin eginiko estalkiak erabiltzen dituzte | Argazkia: utzitakoa
leire martinez
Kazetaria
2025eko abuztuaren 1a - 05:30

Etxauri eta Untzitiko haranen artean emakumeen arteko lankidetza ederra sortu da. Tradizioa, iraunkortasuna eta berrikuntza uztartu ditu ekimen aitzindariak eta gainera, bi lantalde elkartu ditu. Batetik, Artillezko nomadak taldea, ardi latxaren artilea eraldatzen lanean diharduena, eta bertzetik, Otazu upategietako arduradun eta langileak. Bien artean upategiko zenbait mahasti estali dituzte ardi latxarekin sortu dituzten manta gisakoekin. Eta zertarako? Bada, estaldura horrek hezetasuna laguntzen mantenduko omen du, eta beraz, eta batez ere, urteztatze sisteman eragina izanen du.

 

Esperimentazioarekin hasi dira udaberrian eta momentuz hezetasun kopuru desberdinak dituzten bi mahats motekin; tempranillo eta sauvignonekin egin dute proba izan ere, biek ureztatze behar desberdinak dituzte. Oihalak ezarri zituztenetik neurketak egiten dituzte eta esperimentua ea ongi ari den neurtzen dute astero.

Adriana Ojer (Artilezko Nomadak): "Urteetan, latxa ardiaren artilea hondakin gisa hartu da. Guk ordea, bizitza duen zerbait bezala sentitu dugu"

"Erabiltzen ez den artilea jaso dugu". Adriana Ojer Artilezko Nomadak taldearen sortzaileak aintzinetik biziki argi erran dio EnpresaBIDEAri: "aspaldian inork nahi ez duen artilea biltzen dugu. Urteetan, latxa ardiaren artilea hondakin gisa hartu da. Guk ordea, bizitza duen zerbait bezala sentitu dugu". Zorokiaingo tailerretik Ojer eta bere bikotekideak ardiaren ilea eta bereziki tokikoa den ardi latxaren zuhuntz lodia berpiztu dute. Emeki-emeki eraldatzeko moduak ikertzen hasi ziren, ohiko ehun-merkatuan ez baitzuten irtenbiderik aurkitzen. Poltsak, mantak, pieza artistikoak egiten hasi ziren, baina nolabait, artileak lurrera itzultzea eskatzen zuela sentitu zuten. "Beti pentsatu izan dut, artilea animaliatik heldu dela eta animalia paisaiatik, beraz, ziklo hori zentzuz ixteko modu jasangarri bat behar zuen. Eta hara! ustegabean lotu ginen Etxauriko Otazu upategiarekin " dio Ojerrek.

 

Artilezko Nomadak eta Otazu upategiaren arteko lotura ez da kasualitatea izan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan diharduen neska taldeak zubi gisa jardun du. Ikerketa agronomo aplikatuaren testuinguruan aritzen da agroekologiako taldea eta bertzeren artean, nekazaritza lurretarako landare-estalkiak, bigungarriak zein heze izateko gaitasuna zuten material naturalak aztertzen ari dira aspaldi. Hezetasunaz babestea, higadura murriztea eta belar txarrak saihestea dute jomuga ikerketan eta, orduan, artilea erabiltzea bururatu zitzaien.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan diharduen neska taldeak zubi gisa jardun du

"Otazurekin harremana ia magikoa izan zen", gogoratzen du Artillezko Nomadak taldekoak. "Nik banuen artilea, baina haren erabilgarritasuna frogatzeko esparrua behar nuen. Eta haiek mahastiak dituzte noski, eta laborantzarako metodo iraunkorragoak bilatzen zituzte. Aukera paregabea sortu zen".

Mahastian, artilea

Aitziber Larrea Otazu Upeltegietako mahasti-arduradunak irribarre batekin gogoratzen du landara lehendabiziko artilezko fardelak iritsi zirenean. "Auzolan ederra egin genuen eta uste baino fiteskoago ezarri genituen artile ohialak mahats lerroetan".

"Hasieran galdera asko sortu zizkigun. Ez al zen haizearekin hegaldatuko? Ez al zuen usain txarrik izango? Ongi egingo ote zion mahastiari? Baina ideiak erabateko lotura zuen gure jasangarritasun ikuspegiarekin, hortaz probatzea erabaki genuen", dio Larreak.

Aitziber Larrea (Otazu Upeltegiak): "Hasieran galdera asko sortu zizkigun. Ez al zen haizearekin hegaldatuko? Ongi egingo ote zion mahastiari?"

Zenbait lursail eta mahatsondo mota hautatu zituen Larrearen lantaldeak, tempranilloa eta sauvignona. Batek bertzeak baino ur kopuru handiagoa behar du eta beraz, interesgarria iduritu zitzaien behar desberdinak dituzten bi mahats mota desberdinetan fogratzea. “Emaitzak berehala nabaritu ziren neurketetan, izan ere, hezetasuna lurrean mantendu eta belar txarren presentzia ttipitu zen, hotza zein beroaren aurkako babes termikoa sentitu genuen eta gainera, artilearen degradazio organikoari esker lurzoruaren egitura hobetzen zela konturatu ginen", gaineratu du Otazukoak.

otazu upeltegia 2
Upeltegietako mahastiak, ardi latxaren ilearekin estalita | Argazkia: utzitakoa

"Aste gutxi barru, funtzionatzen zuela ikusi genuen. Baina onura agronomikoetatik haratago, keinuaren poesiak poztu gintuen: nekazaritza-paisaian berriro zentzua zuen tokiko hondakinak. Biribila zen". Hala ere, ikerketak aintzina darrai eta esperimentazio prozesuan dago; mahats uzta ere, nolakoa den ikusi beharko da, noski.

Adriana Ojer: "Mahats-orpoen azpian zabaltzen dugunean, ez dugu lurzorua bakarrik babesten. Mendia bailararekin lotzen ari gara"

Proiektuak ere balio sinboliko handia du. Artileak, mendeetan zehar Nafarroako landa-ekonomiaren arima izandakoak, orain funtzio berri bat du, eta lurraldeko bertze zutabe batekin aliatu da, ardoarekin.

"Artilea ez da material bat bakarrik, narratiba bat da", azaldu du Ojerrek. "Mahats-orpoen azpian zabaltzen dugunean, ez dugu lurzorua bakarrik babesten. Mendia bailararekin lotzen ari gara, ardiak mahatsarekin, iraganeko lanbideak etorkizuneko praktikekin".
Aitziberrek eta Adrianak argi dute lurrak ematen duena lurrera itzultzea da helburua.

Iraunkortasuna baino askoz gehiago

Nekazaritza proiektua, landa-munduko emakumeen ahalduntzearen ikur bihurtu da inguruan eta horretaz gain, ekonomia zirkularraren eredu. Bi emakumek —artile eraldatzailea bata, mahastietan aditua bertzea — entzumenean, ezagutza partekatuan eta lurraldearekiko pasioan oinarritutako aliantza ehundu dute.

Aitziber Larrea (Otazu Upeltegiak): "Onura agronomikoetatik haratago, keinuaren poesiak poztu gintuen: nekazaritza-paisaian berriro zentzua zuen tokiko hondakinak. Biribila zen"

"Mugitzen nauena ez da artilea salbatzea bakarrik", dio Ojerrek. "Tokikoari, proiektu xumeei lekua ematen zaionean botere izugarria duela erakusten da. Eta gauzak egiteko modu batzuek lurra eta pertsonak errespetatzen dituzte".

Otazu Upeltegien asmoa izanen da artilearen erabilera lursail gehiagotan zabaltzea, epe luzerako inpaktu-azterketak egiten diren bitartean. Artilezko Nomadakek, ordea, artilearekin aplikazio berriak garatzen jarraituko du.

Klima-aldaketaren garaian, biodibertsitatearen galeran denboran eta nekazaritzako elikagaien ereduaren krisian, horrelako istorioek hurbilean eta era zentzudunean arrakastatsuak izan litezkeela erakusten dute.