Gipuzkoako basoen zaintza eta kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko asmoz abian jarritako ekimen publikoa da Basotik fundazioa, eta bere jardueraren lehen emaitzak aurkeztu ditu gaur foru aldundiak. 2022an ekin zioten egitasmoari, eta 2.200 hektarea baino gehiago dituzten 200 baso-jabe batu dira bertara. 2024ra begira, basoen zaintza eta kudeaketa bermatzeko 1.800 hektareako diagnostikoa aurreikusi du fundazioak, basoak abandonatzea saihestu nahi duelarik.
Fundazioaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur Legazpin, eta Eider Mendoza diputatu nagusiak zera nabarmendu du: “basoak Gipuzkoako funtsezko ondarea dira gure orekarako eta gure ongizaterako, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan. Gure paisaiaren, gure aisialdiaren eta gure habitat naturalaren parte dira. Egurra bezalako baliabide berriztagarria eskaintzen digute, klima aldaketari aurre egiteko birika dira, higadurari aurrea hartzen laguntzen dute eta gure oreka hidrologikoa bermatzen dute”.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko zuzendari nagusia eta Jose Mari Ibabe, fundazioak kudeatutako basoetako baten jabea ere izan dira gaurko agerraldian. Hala, basogintzak “oso egoera konplexua” bizi duela nabarmendu dute. Belaunaldien arteko errelebo falta, lurrak lehen bezala zaintzen jarraitzeko ezintasuna, zuhaitzetan gaixotasunak hedatzea edo baso-azaleran sastrakak handitzea aipatu dituzte basogintzaren arazoetako faktore nagusi bezala.
“Abandonua ekidin eta kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko ekimen aitzindaria" da Basotik. Gipuzkoako basoen % 80 titulartasun pribatukoa da. 9.700 ustiategi dira guztira, eta horietatik %97k 20 hektarea baino gutxiagoko azalera dute. Jabeen % 60k 60 urte baino gehiago dituzte. Era berean, “gero eta hiritarragoa eta landa-ingurunetik urrunago dagoen gizarte bateranzko bilakaeran” dagoen gizartea garela ere gogoratu du Mendozak.