
Basque Food Clusterrek erreminta digital berria jarri du eskura elikagai eta edarien sektoreko enpresentzat: jasangarritasunari buruzko memoriak egiten laguntzeko balio duen tresna, ISG irizpideetan (enpresen jasangarritasun maila zehazten dute) eta Europak ezarritako estandarretan oinarrituta. “Bezeroek eta erakundeek gero eta gehiago eskatzen dituzte horrelako txostenak, aukera ematen baitute enpresen jasangarritasunarekiko konpromisoa ezagutzeko”, azaldu du Basque Food Clusterrek.
Klusterraren webgunean erabilgarri dago tresna, zeina, batik bat, enpresa txikientzako eta ertainentzako prestatu den. Azaldu dutenez, konpainiek era errazean erakutsi ahal izango dute zein aurrerapauso eman dituzten, “beren kargu hartu gabe horrek eskatzen duen administrazio lan karga handia”. Enpresek beren ibilbide orria egitea ere ahalbidetuko du tresnak, hobetu beharreko arloak zein diren identifikatuta.
FoodESG proiektuaren baitan garatu da erreminta digitala, Eroskirekin, Sinnple aholkularitza taldearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. “Eroskiren ekarpena funtsezkoa izan da, jasangarritasuna bultzatzeko esperientzia eta konpromisoa baitu”, gaineratu du klusterrak.