Bilbao Exhibition Centre-k (BEC) DS – Decarbonized & Sustainable Industry ekitaldiaren lehen edizioa hartuko du azaroaren 3tik 5era, Barakaldon. Industriaren deskarbonizazioa eta jasangarritasuna izango ditu ardatz nazioarteko topaketak, eta erakusketa, kongresua eta enpresen arteko harremanetarako guneak uztartuko ditu. Antolatzaileen arabera, 100 enpresa erakusketari eta 140 hizlari baino gehiago bilduko ditu ekitaldiak, baita aurrez hitzartutako 190 enpresa-bilera ere.
Egitaraua hiru ardatzen inguruan antolatu dute: ezagutza, berrikuntza eta harreman-sareak. Kongresuaren barruan, nazioarteko 60 hizlari baino gehiagok deskarbonizazioari, ekonomia zirkularrari eta jasangarritasunari lotutako gaiak landuko dituzte. Besteak beste, CO2-a atzitzea eta erabiltzea, hidrogeno berdea, bero-ponpak, hondakinen balorizazioa eta industria-sektoreen trantsizioa aztertuko dituzte. Horrez gain, 50 enpresa baino gehiagok beren teknologiak eta proiektuak aurkeztuko dituzte kasu praktikoen bidez.
Erakusketa-eremuan, berriz, industriaren eraldaketari lotutako teknologiak eta irtenbideak erakutsiko dituzte parte hartzen duten enpresek. Besteak beste, Iberdrola, Petronor, Sener, Tecnalia, Dominion eta GE Vernova izango dira bertan. Enpresen arteko harremanak sustatzeko, Enterprise Europe Network sareak SPRIren bidez antolatutako B2B programak 190 bilera aurreikusi ditu, Alemania, Eslovenia, Frantzia, Belgika, Italia, Turkia eta Pakistaneko profesionalen parte-hartzearekin. Azaroaren 5ean, gainera, Zabalgarbi, Biscay Eco Aggregates, PepsiCo, Petronor eta Bilboko Portuko instalazioetara bisitak egingo dituzte.
Talentua ere izango dute hizpide. Azaroaren 4ko goizean, WORKinn for DS Industry gunea antolatuko dute, industriako enpresak eta profil profesional espezializatuak harremanetan jartzeko. Hamahiru enpresa erakusketarik parte hartuko dute, eta ikasleek zein langileek lan-aukerak eta garapen profesionalerako bideak ezagutzeko aukera izango dute. Ekimenaren bidez, industriako belaunaldi-erreleboari eta sektoreak behar dituen profil berriak erakartzeari heldu nahi diete.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta