Behobiako arroparekin eta hondakinekin zer?

Korrikalari askok Behobia-Donostia lasterketako irteera lerroan utzi ohi ditu txamarra eta jertseak, korrika egin bitartean ez oztopatzeko. Euria egiten duenean, plastikozko pontxoak ere pilatzen dira. Hori guztia kudeatzeko lan egiten dute Txingudiko zerbitzuakek eta Kooperak

Birziklatzea sustatzeko kartela Behobian | Argazkia: Txingudiko Zerbitzuak Birziklatzea sustatzeko kartela Behobian | Argazkia: Txingudiko Zerbitzuak

Korrikalari emozionatuenak, besarkadenak, ibilbidearen alde bitan animatzeko pilatzen diren jendearenak. Behobia-Donostia lasterketaren 57. edizioak emozioz beteriko milaka irudi utziko dizkigu. Zoritxarrez, beste irudi bat ere izaten da oso ohikoa: lasterketa irteerako inguruko lurrak edalontziez, plastikoz eta, batez ere, arropaz beteta. Korrikalari askok txamarra eta jertse 'zaharrak' jartzen dituzte gainetik lasterketa hasi bitartean ez hozteko, baina korrika abiatu orduko, kendu eta bota egiten dituzte.

Irudiak irudi, lan handiko eguna izaten da Txingudiko Zerbitzuakentzat, haiek izaten baitira Behobiako eta oro har Irungo hondakin guztiak jaso eta kudeatzeaz arduratzen direnak. "Azkeneko datuaren arabera, 8 tona inguru hondakin jaso genituen; horietatik 3 tona arropa izan zen", azaldu du Valentín González Ocáriz Txingudiko Zerbitzuakeko Hondakin eta Garbiketa departamentuko arduradunak. Kantitatea, baina, aldatu egin daiteke urtez urte: "Eguraldiak asko eragiten du jasotako hondakin motan eta kantiatean. Euria egiten badu, hondakin kopuruak gora egiten du, eta plastiko gehiago dago, eta arropa gutxiago. Hain zuzen, jendeak plastikozko pontxo horietara jotzen du, eta azkenean plastiko baino arropa gehiago biltzen dugu", adierazi du Gonzálezek.

Zerbitzuak indartu

Egun horretarako, irteera-lerro inguruan dauden edukiontzi kopurua areagotu egiten dute Txingudiko Zerbitzuaketik, ahalik eta hondakin kopuru gehiena bertan bota dezaten korrikalariek, eta edukiontziak erabiltzea sustatzeko seinaleak jarri ohi dituzte: "Irteera arkuan arropa jasotzeko ontziak jartzen dira, ulertzen dugulako jendeak korrika egiten hasten den une horretan kenduko duela arropa", plazaratu du Hondakin eta Garbiketa departamentuko arduradunak. Ohikoaz gain, arropa jasotzeko beste bi kontainer handi izaten dira egun horietan.

"Horrekin batera, korrikalariak berotzen aritzen diren tokian, ontzientzat kontainerrak jartzen ditugu batez ere. Inguruan zazpi kontainer-gune finko daude, beti hor daudenak. Eta beste hamar puntu jartzen ditugu", kontatu du. Hondakin gehien irteeran pilatzen bada ere, Irungo Kolon pasealekuko eta Gaintxurizketa hasi aurreko edaria banatzeko postu inguruan ere edukiontzi gehiago jartzen dituzte.

Valentín Sánchez Ocáriz: "Eguraldiak asko eragiten du jasotako hondakin motan eta kantiatean. Euria egiten badu, hondakin kopuruak gora egiten du, eta plastiko gehiago dago, eta arropa gutxiago"

Bestalde, hondakin kopurua murrizte aldera, 45. ediziotik —alegia, 2010ekoa— iturriko ura eskaintzen zaie korrikalariei, birziklatu daitezkeen edalontzietan emanez. "Ideia zen hondakinik ez sortzea, eta edalontziak birziklatu ahal izatea", esan du Gonzalezek.

Neurri horiek hartuta ere, behin eta berriro errepikatzen da arestian aipaturiko irudia. "Hainbeste jende dago, eta hainbeste hondakin hain denbora gutxian non, nahiz eta seinaleak jarri, jendeak ez duen edukiontzia ikusten eta lurrera botatzen amaitzen duen arropa edo plastikoa. Ondorioz, irteera ikusten dugu arropaz beteta aldeetan, eta plastikoekin", dio. Lurrean dagoena, langileek banatu behar izaten dute ahal heinean, plastikoa eta ontziak, batetik, eta arropa, bestetik. "Jende askok egiten du lan Behobia-osteko garbiketan. 30 bat pertsonez ari gara Irungo zonalde guztiko garbiketa egiten", nabarmendu du Gonzálezek.

Birziklatu eta berrerabili

Bilketa egin ondoren, plastikoa, ahal heinean, birziklatzeko plantara doa; arropa Kooperara eramaten dute. Behobia-Donostiako arropa ez da modu separatuan iristen, aurreko egunetan irteerako kontainerretan utzitako arroparekin nahastuta baizik. "Guk tratamendu-lantegira eramaten dugu. Lantegi horretan egiten da arroparen hautaketa, sailkapena, tratamendua eta higienizazioa", azpimarratu du Iñigo del Teso Zuriarrain Kooperako Gipuzkoako denden taldeko kideak.

Hor gerta daiteke arroparen parte bat, erabili ezin denez, tratatu eta birziklatu behar izatea. Baina egoera onean dagoena, higienizazio prozesutik pasa ondoren, Kooperako dendetara eramango da, bertan saltzeko. “Horrela, bigarren bizitza ematen diogu arropari. Horrekin batera, kontzientzia sortzen saiatzen gara arroparen birziklapenari eta berrerabilpenari loturik”.

Iñigo del Teso Zuriarrain: "Guk tratamendu-lantegira eramaten dugu. Lantegi horretan egiten da arroparen hautaketa, sailkapena, tratamendua eta higienizazioa"

Kooperaren kasuan, arroparen berrerabilera eta birziklapena beraien zutoinetako bat da; bestea, berriz, baztertze arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea. “Hori da gure azkeneko helburua, lan-zirkuituan sartu daitezen. Irabazi asmorik gabeko entitate-talde bat gara, eta Cáritas dugu akziodunetako bat”, azaldu du Del Tesok. “Berrikuntza sozialaren alde egiten dugu apustua”, gehitu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK