Bellota Herramientasek %42 murriztu du bere karbono aztarna

Energiaren kontsumoaren %100 berriztagarrietatik dator, 2023an abiarazitako jasangarritasun planean ezarritako helburuari jarraiki

Erreminten zurezko heldulekuak material jasangarrietatik datoz | Argazkia: Bellota Herramientas
Erreminten zurezko heldulekuak material jasangarrietatik datoz | Argazkia: Bellota Herramientas
2025eko abuztuaren 4a - 12:49

2023an jasangarritasun plana abiarazi zuen Bellota Herramientas enpresa gipuzkoarrak. Eta horri loturiko emaitzak partekatu berri ditu gaur. Izan ere, emaitza ekonomikoez harago, enpresentzat geroz eta garrantzia handiagoa dute gizarte eraginari eta jasangarritasunari loturiko emaitzak ere partekatzeak.

 

Horren arabera, karbono aztarna %42an jaistea lortu du urtebetean Legazpin kokatuta dagoen enpresak: 1.806 tona CO2  isurtzen zituen 2023an, eta 2024an zifra hori 758 tonara iritsi da. Bide horretan, gako izan da iazko urte hasierarako kontsumo energetikoaren %100 energia berriztagarrietatik etortzea, eta erremintetan dauden zurezko heldulekuen %95 jasangarriak diren zurekin eginak izatea, PEFC baso ziurtapena bermatzeko programatik eratorritakoak. Halaber, datozen urteetako helburuei begira dago enpresa, ekonomia zirkularreko plana ezarri ostean. Horrekin, hondakinen bolumena %20 murriztu nahi du 2027rako, eta produktuen paketatzea optimizatu. 2028rako, paketatze hori %100 birziklatua edo berrerabilgarria izatea aurreikusi dute enpresatik. 

Jasangarritasunaren aldeko apustuak hornitzaileen hautapenari ere eragiten dio, gobernantza baita plan horren elementuetako bat. Horren arabera, hornitzaile guzti-guztiek esparru jasangarritasun-auditoretzatik igaro behar izan dute, eta 2026rako erosketa prozesu arduratsua ezarrita izan nahi dute hornitzaile guztiekin. Planaren alderdi sozialari dagokionez, pertsonen konpromisoa indartzeko zenbait egitasmo ditu martxan: Fabrikarekin batera abiatutako Be change, enpresan eraldaketa kulturala bultzatu asmozMondragon Unibertsitatearekin batera eginiko Garatu, ikasketa prozesuari loturikoa; edota barne promoziorako sortu diren prozesuak, talentua indartu asmoz.