Betiko Idiazabal gazta, ontzi jasangarriagoarekin

Gaztapack proiektuan garatutako ontzi arinago eta jasangarriago batek Idiazabal Baserrikoa artzai gaztaren etorkizuna birdefinitzen du, elikagaiaren berezko ezaugarriei eragin gabe

Gaztapack proiektua abiatu dute Artzai Gazta elkartearen, Eroskiren eta Idiazabalgo JIKABen artean | Argazkia: Eroski
Gaztapack proiektua abiatu dute Artzai Gazta elkartearen, Eroskiren eta Idiazabalgo JIKABen artean | Argazkia: Eroski
image0(1)
Kazetaria
2025eko abenduaren 3a - 05:30
Eg. 2025eko abenduaren 4a - 11:22

Elikadura eredu iraunkorragotarako trantsizioak aldaezinak ziruditen prozesuak birplanteatzera behartzen du sektorea. Packaging edo ontzia da horietako bat. Hori aldatzea, baina, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula kasu askotan. Idiazabal Baserrikoa artzai gaztak, esaterako, oso behar bereziak ditu: arnasa hartzen du, eboluzionatu egiten du eta kontserbazio baldintza zorrotzak eskatzen ditu. Ontziaren edozein aldaketak abiapuntu hori izan behar zuen. “Gazta elikagai bizia da: ontzean hezetasun, oxigeno eta tenperatura-baldintza zehatzak behar ditu usain, zapore eta testura konplexu eta hain balioetsiak lortzeko", dio Iñaki Hormaetxe Artzai Gazta elkarteko asistentzia teknikoak. Prozesu horretan, ontzia da "gaztaren higiene eta kalitate ezaugarri hauek bermatzeko babes metodoa. Horrela garraio eta biltegiratzean suertatu ahal diren hezetasun, oxigeno eta tenperatura baldintza desegokien aurrean produktua babesten du”, gaineratu du Hormaetxek.

 

Testuinguru horretan, Artzai Gaztarentzat jasangarritasunaren zikloa ixteko erronka planteatu zen, gaztaren ezaugarri organoleptikoak eta produktuaren kalitatea bermatuko duen ontzi iraunkorragora joatea, aldi berean elikadura-kate iraunkor eta eraginkor baten garapenean parte hartuta. Hala sortu da Gaztapack, Eroski eta Artzai Gazta elkartetik Idiazabal Baserrikoa ekoizten dutenen artean garatutako proiektua, EIT Food erakundeak finantzatua RIS Straight 2 Market (S2M) programaren bidez.

Gaztapack Artzai Gazta elkartearen, Eroskiren eta Idiazabalgo JIKABen artean garatutako proiektua da

Emaitza: ontzi berritzailea, birziklagarria eta nabarmen arinagoa, Idiazabal Artzai Gaztarentzat diseinatua, haren kontserbazioa eta ezaugarri organoleptikoak arriskuan jarri gabe.

 

Berrikuntza egungo tresneriarekin

Ontzi birziklagarria egitea ez da apustu bat soilik. Olaia Aurrek, Eroskiko Tokiko eta Eskualdeko Erosketa-Kudeatzaileak eta Ainara LlonakEroskiko Gaztapack berrikuntza proiektuko buruak azaldutakoaren arabera, "birziklatzeko beharra Europar ontzi Erregelamendutik dator (UE) 2025/40. Erregelamendu berak, plastikoaren birziklapen helburu batzuk jartzen ditu, 2030ri begira”. Ontzi berriak materialaren lodiera eta pisua murriztea lortzen du, produktuaren portaera aldatu gabe. Oreka hori negoziaezina zen inplikatutako erakunde guztientzat.

Proiektuaren beste gako bat izan da ziurtatzea artisau-gaztagile txikiek —artzaintza-sektorearen oinarria— sistema berria makina berririk erosi gabe martxan jarri ahal izatea gaur egun dituzten ontziratzeko makinak aprobetxatuta. Izan ere, Artzai Gazteko gaztandegiak txikiak eta askotan familiarrak dira. “Irizpide horrek proiektuaren arrakasta berma dezake, ez baitute inbertsio berririk egin behar, eta hortaz, aukera berrietara egokitzeko galgak saihesten dira”, esan du Hormaechek.

IMG 6593(1)
Gaztak kontserbazio baldintza zorrotzak behar ditu | Argazkia: Artzai Gazta

“Lehen sektoreko ekoizleekin lantzen dugun edozein proiektutan helburu bat da ezinbestean haiengan eragin ekonomiko txikiena izatea eta bere lan egiteko moduan efekturik txikiena edukitzea. Ezin diogu, ahal dela, gainkosturik atxiki prozesuari; bestela bezeroak jasango luke”, azaldu dute Eroskikoek.

Proiektuan parte hartu duten gaztandegiek oso positibotzat jo dute; izan ere, Artzai Gaztaren ekoizpen-ereduarekin lerrokatzeaz gain, ontzi berri horiek gazta artisauari bikaintasun irudi orokorra ematen diote, eta merkatuan Artzai Gazta gazta-artisaua beste gazta industrial batzuetatik bereizteko aukera ematen die, produktuari balio erantsia eman diezaioke, eta horrek, aldi berean, familia-ustiategi txikien errentagarritasunean eragiten du.

Kalitatea bermatzea Idiazabal zigiluaren estandarren pean

Ontziak garatzeko prozesuan, bakoitzak bere rola jokatu du: Eroskik parte hartzaile bezala, material berriak aukeratu ditu, birziklapena eta produktuen bizitza gehi ezaugarri organoleptikoa bermatuz, eta baita ere kontsumitzaileekin batera, haien pertzepzioa kontutan izanda; Artzai Gatzak, bere aldetik, produktuaren ezagutza teknikoa eta artisau gaztandegien errealitatean ainguratutako ikuspegia eman ditu.

“Era berean, jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumen jasangarritasuna hobetzen da, eta gure landa-ingurunea mantentzen laguntzen duten kontsumo-praktikak sustatzen dira”, aipatu du Hormaetxek.

Proiektuan parte hartu duten gaztandegiek oso positibotzat jo dute; izan ere, Artzai Gaztaren ekoizpen-ereduarekin lerrokatzeaz gain, ontzi berri horiek gazta artisauari bikaintasun irudi orokorra ematen diote

Ziurtapen-erakunde gisa, Idiazabalgo JIBaren papera ere aipatu behar da. Proiektuko prozesu osoan gaztak Jatorri Izendapenak definitzen dituen baldintzak betetzen dituela bermatu behar baitzuen.

Miriam Molina Idiazabal Gazta JIB Idazkari Gerentea, eta Marian Fanega Idiazabal Gazta JIB kalitate buruaren hitzetan: “Idiazabalgo Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak Europako Batzordeak onartutako Baldintza Plegua betetzen dela ziurtatzen duten kontrolak egiten ditu. Bertan, besteak beste, gaztak Idiazabal ziurtagiria lortzeko bete behar duen deskribapen sentsorial zehatza jasotzen da”.

Miriam Molina eta Marian Fanega (Idiazabal Gazta JIKAB): “Merkatuan eskuragarri zeuden hutsean ontziratzeko materialek ez zuten orain arte gure produkturako baliagarriak ziren alternatibak izateko aukerarik eman"

Biak bat datoz proiektuaren helburua zein izan den azaltzean: “Zentzumen-ezaugarriak (forma, azala, pastaren kolorea, begiak, testura, usaina, zaporea eta iraunkortasuna) betetzen direla bermatzea. Gainera, egiaztatu beharra zegoen ezaugarri horiek ez zirela aldatzen gazta merkatuan egon daitekeen bitartean”. 

Egindako frogek egiaztatu dute packaging berriak ez dituela produktuaren kontserbazioa eta ezaugarri sentsorialak aldatzen, eta kontsumitzaileak gazta bera jasotzen jarraituko duela, ingurumen-inpaktu txikiagoarekin. Eta ontziratze prozesuan eragin gabe. “Merkatuan eskuragarri zeuden hutsean ontziratzeko materialek ez zuten orain arte gure produkturako baliagarriak ziren alternatibak izateko aukerarik eman. Hemendik aurrera, sor daitezkeen packaging-aukera berrien abangoardian jarraitzea bilatzen dugu, betiere iraunkortasunaren ikuspegitik”, diote Molinak eta Fanegak.

Lehen 10.000 kiloak

Ontziontzi berria berez lorpen bat bada ere, inplikatutako erakundeak bat datoz etorkizuneko hobekuntzetarako abiapuntua dela esatean: material berriak, inpaktu murrizketa gehigarria edo beste produktu tradizional batzuetara zabaltzea.

Proiektuaren lehen fasean, 10.000 kilo gazta merkaturatuko dira formatu berriarekin, eta, horri esker, haien benetako errendimendua ebaluatu ahal izango da baldintza komertzialetan. 

Gaztapack proiektua abiatu dute Artzai Gazta elkartearen, Eroskiren eta Idiazabalgo JIBen artean | Argazkia: Eroski
Artzai Gazteko gaztandegiak txikiak dira | Argazkia: Artzai Gazta

Izan ere, bezeroen ikuspuntua ezinbestekoa da hori baliozkotzeko, hark baitu azken hitza. "Ondo funtzionatuko balu, materiala Artzai Gaztako beste produktu batzuetara hedatuko dugu", esan du Hormaechek. 

Eroskikoek ziurtatu dute kontsumitzaileek ia ez dutela material berri horren aldaketa nabarituko. Hala ere, material iraunkorrago batera aldatzen bada eta haiek gehiago nabaritzen badute, ordea, ikusi beharko da nola erantzuten duten. Izan ere, frogetan ikusi dutenez, bezeroek jasangarritasun-gaiei erantzun ona ematen badiete ere, horrek produktuari begiz eragiten dionean, interesa jaitsi egiten da.

Olaia Aurre eta Ainara Llona (Eroski): “Lehen sektoreko ekoizleekin lantzen dugun edozein proiektutan helburu bat da ezinbestean haiengan eragin ekonomiko txikiena izatea [...]. Ezin diogu, ahal dela, gainkosturik atxiki prozesuari”

“Adieraztera eman nahi dudana da paperaren gainean denok oso alde gaudela, baina praktikan materialak ez direnez komertzialak, kolokan jartzen du bezeroaren aukeraketa. Material arloan ere ziur gaude eboluzio handia egongo dela etorkizun labur batean eta, beraz, lortuko dugu komertzialki behar dugun oreka hori,” argitu du Llonak. "Eta edozein kasutan, eskertzekoa da EIT Fooden aldetik jasotako laguntza", amaitu du.