
Ontzien konexio elektrikoa hobetzeko BilbOPS proiektuan beste urrats bat iragarri du gaur Bilboko Portuko Agintaritzak: instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuko lanak esleitu ditu, 11.485.691 euroren truke. Zehazki, esleipen horrek barnebiltzen ditu instalazioaren ingeniaritza-proiektua eta eragiketa eta mantentze zerbitzu lanak. Hemezortzi hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta eragiketa eta mantentze zerbitzuak bi urte gehiagoz egingo dira, epe hori beste urtebetez luza badaiteke ere.
Obrak ABEE enpresak egingo ditu, lau enpresek osatzen dutena. Enpresa horiek dira Viuda de Sainz, S.L., Radimer Servicios Energéticos, S.L., Achiles Ingeniería Fotovoltaica, S.L., eta Solar 360 de Repsol y Movistar, S.L.
Hemezortzi hilabete horietan lau eguzki-instalazio egingo dira, portuko hainbat puntutan kokatuko direnak. Zierbenako Dikean 809,6 KWp-eko potentzia instalatuko da; Santurtziko Kontradikean 494,36 KWp-eko potentzia; A-6 kaian, ferryen Itsas-estazioko aurreontziratze-eremuan, 42.424,4 KWp-eko potentzia; eta Getxoko Olatua gurutzaontzi-terminalean dagoen turismoentzako aparkalekuan, 527,12 KWp-ko potentzia.
BilbOPS proiektu integralean, Bilboko Portuan energia berriztagarria sortzeko hainbat jarduera aurreikusi dira OPS sistema energia elektrikoz hornitzeko garaian. Arestian aipaturiko esleipena horren adibide da.