Bilboko Portuan dago Euskal Herriko zein Espainiako enpresa baratzerik handiena

3.000 metro koadroko baratza du BilbaoTruck enpresak, eta CEPYME 2022 Eraginkortasun Energetikoaren eta Jasangarritasunaren saria eskuratu du

BilbaoTruckek enpresa kanpoaldean duen baratza | Argazkia: Spri BilbaoTruckek enpresa kanpoaldean duen baratza | Argazkia: Spri

BilbaoTruck enpresa bizkaitarrak, Vulcanizados Retuerto izenez ere ezagutzen denak, 3.000 metro koadroko baratza berdea sortu du enpresan, futbol zelai baten erdiaren tamainakoa. Bilboko Portuaren bihotzean dago kokatuta, ingurune erabat industrialean eta ia berdegunerik gabean. “Euskal Herri zein Espainia mailan dagoen baratzerik handiena da”, dio David Fernandez BilbaoTruckeko arduradunak.

Hain zuzen ere, baratze horren ondorioz irabazi du enpresak CEPYME Enpresa Txiki eta Ertainen Espainiako Konfederazioak urtero ematen duen saria, Jasangarritasun eta Eraginkortasun Energetikoaren kategoriari dagokiona. Fernandezek azaldu duenez, enpresak iraunkortasunarekiko duen konpromisoa indartu du baratzearekin.

Kamioien atoiak, erdi-atoiak, zisternak eta bainuontziak konpontzeaz arduratzen da BilbaoTruck, eta ez du lorezaintzarekin inolako zerikusirik. “2019an baratze txiki bat egin genuen lantegiaren inguruko lursail batean. Orduz geroztik handituz joan da eta 3.000 metro koadroko ortua izatera igaro da”, azaldu du enpresako arduradunak, inguruetako izurrite osoa desagerrarazi eta eremu grisaren artean espazio berdea sortu dutela gaineratuz.

Egun, 250 fruta arbola baino gehiago ditu baratzak, eta 50 barazki mota. Fernandezen arabera, irabazi asmorik gabeko erakundeei banatuko dizkiete produktuak eta tonaka fruta eta barazki biltzea espero dute. “Bezeroentzako opari txartelak egiteko ere erabiliko ditugu, eta baita langileentzako otordu osasuntsuak egiteko ere”, azaldu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK