BIO-UPTAKEk %39 handitu nahi du konposatu bioplastikoen erabilera Europako manufaktura industrian

Proiektuan Cidetec Surface Engineering zentroak parte hartzen du, eta oinarri biologikoko plastikoak ekoizteko fabrikazio prozesu malguak garatu nahi ditu eraikuntza, medikuntza eta ontziratze sektoreetarako

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

BIO-UPTAKE proiektua fabrikazio aurreratuan eta jasangarrian dago oinarrituta, eta Cidetec Surface Engineering zentro teknologiko donostiarra ekimen horren parte da. “Proiektuaren helburua Europako manufaktura industrian konposatu bioplastikoen erabilera %39 handitzea da, eraldaketa ekologikoa ahalbidetuko duten biki digitalak erabiliz”, adierazi dute Cidetecen.

2026ko maiatzean amaituko den proiektuak, oinarri biologikoko plastikoak ekoizteko fabrikazio prozesu malguak garatuko ditu, eraikuntzaren, medikuntzaren eta ontziratzearen sektoreetarako merkatuko eskaera berrietara erraz molda daitezkeenak, zentro teknologikoak adierazi duenez. Biopolimeroak eta aitzindari bio-oinarridunen zuntz sintetikoak konbinatzean oinarritzen dira material horiek. “Bio-oinarriko %75 baino gehiagoko edukia duten produktuak lortzea espero da, berotegi efektuko gasen sorrera nabarmen murriztuko dutenak”, zehaztu dute. 

Era berean, Cidetecek bere 3R erretxina termoegonkorraren sistema patentatuarekin parte hartuko du proiektu horretan, bere aldaera bio-oinarrituarekin, Specific polymers enpresa frantziarrarekin elkarlanean. “Material konposatu termoegonkorretan egindako osagaien fabrikazioan erretxina hori erabiltzeak konposite  birprozesagarriak garatzea ahalbidetzen du, berez birziklagarriak eta konpongarriak direnak (teknologiari ‘3R’ deitzen zaio)”, argitu du.  Aurrez bustitako material konposatua ere ekoitziko du, dagoeneko onduta, edo partzialki onduta dagoena, eta galkorra ez dena. Material horrek, birzikla daitezkeen osagaiak sortzeaz gain,  giro tenperaturan biltegiratu ahal izateko abantaila ere eskaintzen duela adierazi dute, hoztea eskatzen duten aurreinpregnatu konbentzionalek ez bezala. 

Proiektua  Horizon Europa programaren barruan dago, eta  Europako Batzordeak finantzatzen du 5,9 milioi euro baino gehiagorekin. Aragoiko AITIIP Fundazioak koordinatzen du, eta Europar Batasuneko sei herrialdetako hamahiru bazkidek hartzen dute parte. Guztira, 30 pertsona inguru arituko dira proiektuan, horietatik lau euskal zentro teknologikokoak. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK