Bioaniztasunaren alde, zer egin?

Marigorringoak nekazaritzan izurriteei aurre egiten diete. Likenak (horiz) airearen kalitate onaren adierazle dira | Argazkia: Aiora Zabala, 2008 Marigorringoak nekazaritzan izurriteei aurre egiten diete. Likenak (horiz) airearen kalitate onaren adierazle dira | Argazkia: Aiora Zabala, 2008

Abenduaren 19an bukatu zen COP15 —bioaniztasunaren nazioarteko bilera. Klimaren Conference Of the Parties bileren antzera, hau bioaniztasunaren galera eragozteko negoziazioen giltza da, 1992ko Aniztasun Biologikoaren Itunaren haritik.

Zer ikusi du honek Euskal ekonomia eta enpresekin? Zer egin daiteke hauen eguneroko jardueren bitartez? Bi galderentzat erantzuna: “asko”.

Munduan ekosistema eta espezieen degradazioa eta galera azeleratuz doa. Gure etxearen (planetaren) beste bizidunez arduratzeko kontu etikoak alboratzen ditut honakoan. Galera horrek gizartearen oinarriak eragiten ditu, adibidez nekazaritzarako beharrezkoak diren funtzioak (polinizatzaileak, lurzoruaren berriztapena...). Airea, ura eta klimaren baldintza egokiak bermatzen ditu bioaniztasunak. Hura guztia egiten du teknologiarekin moldatu genezakeena baino askoz ere modu eraginkorragoan (eta merkeagoan).

Zer egin jakiteko plan bat egituratu daiteke bioaniztasuna galarazten duten bost arrazoi nagusiekin. Hirugarren eta bosgarren arrazoietan dago tokiko enpresentzat lanik esanguratsuena.

Tokian tokiko espezieek bi arrisku zuzen dituzte: gehiegizko ehiza edo arrantza, eta kanpoko espezie arrotzek zokoratzea. Hirugarren arrazoia kutsadura da, mota guztietakoa: aire eta uraren poluzioa, plastikoak eta mikroplastikoak (itsas animaliak ito dezaketenak adibidez), eta baita argi eta zarata kutsadura, zenbait espeziek (intsektuenak adibidez) zorabiatzen dituztenak.

Tokian tokiko espezieek bi arrisku zuzen dituzte: gehiegizko ehiza edo arrantza, eta kanpoko espezie arrotzek zokoratzea. Hirugarren arrazoia kutsadura da, mota guztietakoa

Hiru arrazoi hauekiko zer egin daitekeen nahiko argi dago. Lehenerako, ekoizpen edota zerbitzuen hornidura kateetan arriskuan dauden espezieak (eta haietatik lortutako osagaiak) eragoztea. IUCNren Zerrenda Gorrian aurkitu daitezke zeintzuk daude arriskuan, eta enpresa askok oso lan ona egiten dute beren osagaien jatorria identifikatzen eta gardenki adierazten. Bigarrenerako, espezie inbaditzaileak inportaturiko gauzetan etor daitezke: haziak, itsasontzietan atxikitako moluskuak, enbalajeetan ezkutaturiko intsektuak... Nahita zein nahigabe, bide anitzetatik etor daitezke. Ikuskapenetan adi egon eta bidaltzaileen bermea izan behar da.

Hirugarrena: kutsadura. Ekoizpen bakoitzak baliabideak hartzen dituen bezala, zaborrak edo efluenteak askatzen ditu. Guztiz zirkularra ez den ekonomiaren funtsezko ezaugarria da. Askatzen den hura kontuz aztertu behar da: atmosferarako keak, erreketan nahasi edota lurrazpiko ekosistemetara doazen likidoak eta noski, edozein zabor solidok non utzi, han izango du eragina. Kudeaketa arduratsuak izugarri lagundu dezake—ez bakarrik legez bete behar dena, baizik eta jardueratik kanporatzen denarekin zer gertatzen den jakiteko jatorrizko ahalegina, enpresaren maila gorenetan ere.

Bioaniztasuna galtzeko bi arrazoi gehiago daude. Bata klima aldaketa da, espezieen bizi baldintzak eraldatzen dituena, migrazioak edo desagerpenak eraginez.

Bosgarren arrazoia da eragin handienekoa: lur erabileren aldaketak (deforestazioa, monolaborantza intentsiboak, urbanizazioa). Planetaren azala arin doa eraldatzen, gehiena, basoak nekazaritzara aldatzeagatik. 2000-2020 artean munduko basoen ia %14 galdu edo degradatu da eta nekazaritzarako area ia %12 hedatu; %45 eta %33 Hego Amerikan eta Afrikan hurrenez hurren. Hedapen hori gidatzen du dietetan animalien produktuen proportzioen handitzeak eta populazioaren hazkuntzak. Hego Amerikako nekazaritzaren parte handi bat—Brasilgo sojarena, kasurako—Europan eta Txinan hazten diren animaliak elikatzeko da.

Planetaren azala arin doa eraldatzen, gehiena, basoak nekazaritzara aldatzeagatik

Zer egin lur erabileraren eraldaketa honekiko? Hornidura kateak lupaz begiratu. Aztertu eta galdetu beste nonbaitetik datozen osagaiak nondik eta nola hazi, erauzi edo ekoitzi diren. Ziurtagiriek laguntzen dute, baina askotan ez dira nahiko. Jaten ditugun elikagaien jatorriaren jakinmin hori arlo profesionalera eramatean datza.

Telekonexio globalak direla eta, eskutan daukagunaren inpaktua urrun eta ikusezina dakiguke, baina ez du esan nahi gertatzen ez denik. Mundu digitalean gero eta gehiago konektatuak gauden bezala, arlo biologikoan ere planetaren bazterrak lotuta daude.

COP15ean munduko arearen %30a babestea adostu dute 2030erako. Baina ekosistemen etorkizuna babesturiko guneetan (adib. Parke Naturaletan) hesitzea ez da nahikoa. Batetik, hemen babesten dugun lurraldearen truke, beste nonbait eragin daiteke kalte, ekoizpen eta kontsumo desarduratsuaren inpaktuak lekualdatzen badira (leakages). Bestetik, naturako beste guztiek, gu bezala, konfinatu izanda biziraun dezakete, baina aske behar dute izan aurrera ekiteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK