Bioekonomia arloan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu Jaurlaritzak

Neiker zentro teknologikoarekin eta European Forest Institute erakundearekin elkarkidetzan antolatu dute gaurko jardunaldia. Bioeraikuntza eta basogintza jasangarriagoa izan dituzte hizpide, besteak beste

Argazkia: Neiker Argazkia: Neiker

Bioekonomiako Berrikuntza Jardunaldia egin dute gaur goizean Bilbon, Eusko Jaurlaritzak eta European Forest Institutek, Neiker zentro teknologikoarekin lankidetzan. Bioekonomiako azken aurrerapen zientifikoak eta soluzio berritzaileak aurkeztu dituzte, tartean, bioeraikuntzako adibideak, basogintza jasangarriago eta funtzionalago baterako ereduak edo oinarri biologikoko material aurreratuak.

EAEko azaleraren %54 baino gehiago basoek estaltzen dutela gogorarazi dute antolatzaileek, eta basoen kudeaketa jasangarri batek basoak klima aldaketara egokitzen lagundu dezakeela nabarmendu dute, egurraren, zurgintzakoak ez diren produktuen eta zerbitzu ekosistemikoen ekoizpena orekatuz.

Jardunaldian izan dira Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea, Ananya Manna, Europako Bioekonomia Zirkularraren Funtseko (ECBF) Inbertsio zuzendaria, Leire Barañano, Neikerreko zuzendari nagusia eta EFIko zuzendaritza batzordeko lehendakariordea eta Inazio Martinez de Arano, Bioregions Facilityko koordinatzailea.

Oroz “lurraldearen eredu ekonomikoa eraldatzea ahalbidetuko duten proiektuak” bultzatzearen garrantziaz aritu da. “Jardunaldi honi esker, EAEn egiten ari diren eta lurraldea Europako foku bioekonomiko gisa agerrarazten ari diren proiektu garrantzitsuenetako batzuk partekatu ahal izan ditugu Europako lankideekin”, adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK