Hondakin plastikoen balioa handitzeko Birplast proiektua aurkeztu dute

Sener taldeak, beste hamaika talderekin lankidetzan, egitasmoa sortu du hondakin plastiko konplexuak birziklatzeko, prozesu termokimikoak hobetuta

Birziklatze termokimikoko prozesuak garatu nahi dituzte | Argazkia: Global Factor Birziklatze termokimikoko prozesuak garatu nahi dituzte | Argazkia: Global Factor

Birplast izeneko proiektua aurkeztu du Sener ingeniaritza eta teknologia taldeak, beste hainbat enpresarekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua da hondakin plastiko konplexuak birziklatzea lehengai berriak ekoizteko. Hala, gaur egun baliorik ez duten hondakinen balioa handitu nahi dute, ondoren industrian berrerabili daitezen, “batez ere sektore petrokimikoan”. Horretarako, Birplastekin birziklatze termokimikako “prozesu hobetuak” garatu nahi dituzte.

Izan ere, proiektuko kideen ustetan ekonomia zirkularra sustatu beharra dago, eta lehengaiak lortzerako orduan, hondakinak birziklatzea eta horien balioa handitzea da “lehentasuna”. Hain zuzen ere, PlasticsEurope-ren azken datuen arabera Europan 58,7 milioi tona plastiko ekoitzi ziren 2022. urtean, eta %0,2 soilik zen birziklatze kimikotik sortutakoa.

Gehitu dutenez, 12,4 milioi euro lortu litezke urtean EAEn, baldin eta zabortegi kontrolatuetan amaitzen duten plastikoen 100.000 tonak birziklatuko balira termokimikaren bitartez.

Adierazi dutenez, hamaika bazkideko partzuergoa osatu dute proiektua garatzeko, eta hauek dira parte hartuko duten enpresak: Petronor, Tradebe, Eiforsa, Global Factor, Fidegas, Robokide, SBS, Sader, Trienekens eta Zorroza Gestión. Enpresa horiez gain, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko hiru kidek ere laguntza eskainiko dute: Gaikerrek, Tecnaliak eta Aclima Basque Environment Clusterrek. Egitasmoak Hazitek 2022 programaren laguntza jaso du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK