Bota baino lehen Konpondu

Gasteizko Udalak bultzatutako egistasmoa da Konpondu. Konponketa negozioan diharduten 100 profesional baino gehiago aurki daitezke bertan, hondakinak sortu beharrean, produktuei erabilera berri bat emateko asmoz

Argazkia: utzita Argazkia: utzita

Konpondu Gasteizko Udalaren proiektu bat da, herritarren egungo kontsumo ereduaren aldaketa sustatzeko. Konponketaren tokiko sektorea baliatuz, produktuen bizitza baliagarria luzatzeko helburua du egitasmoak. “Ekonomia zirkularreko ekimenak bost urtez garatzen aritu ondoren, ondorioztatu dugu eskura dugun guztiak sortutako eraginaren %80 diseinutik datorrela, eta inpaktu hori guztia ekoizpen eta banaketa faseetan gertatzen dela”, adierazi du Maria Fernandez Konpondu proiektua kudeatzen duen teknikariak. Objektuen bizitza baliagarria zabaltzeko hainbat egitasmo bururatu zitzaizkion udalari, fabrikatuta dagoen guztia ahalik eta denbora gehien erabil ahal dadin, hondakin bihurtzea ekidinez eta produktu berriak ahalik eta gutxien fabrikatuz.

Gauzak horrela, 2002an, udaleko Hondakinen eta Garapen Ekonomikoaren arloetatik ekonomia zirkularra lantzeko talde bat eratu zuten. Konponketa lantzeak eragin positiboa zuela ikusi zuten, besteak beste, hondakinen sorrera murriztea, tokiko jarduera ekonomikoa bultzatzea, eta ekonomia zirkularrari lotutako beste onura batzuk, hala nola materialen balioa atxikitzea, gure kontsumo erritmoa moteltzea eta naturako baliabideak erauzten laguntzea.

Gasteizko konponketaren sektoreari balioa ematen dio Konponduk; izan ere, enplegu kualifikatua sortu eta negozioa ez deslokalizatzea eragiten du, eta zaharkitze programatuaren aurkako aliatua da

Hiru helburu nagusi ditu Konponduk. Lehenik eta behin, erabili eta botatzetik urruntzen den kontsumo eredu bat sustatzea, gauzen bizitzaren iraupena luzatzen duena. Horrela, planetaren baliabideen gaineko presioa eta hondakinen sorrera murriztea lortzen da. Bigarrenik, gizartearen kontsumo ereduari buruz eta erosten dituen produktuei buruz hausnartzea, bai eta produktu horiek eskuratzeko orduan selektiboak izatea, iraunkorrenak eta konpongarrienak aukeratuz. Eta, azkenik, Gasteizko konponketaren sektoreari balioa ematea; izan ere, enplegu kualifikatua eta ez deslokalizagarria sortzen du, eta zaharkitze programatuaren aurkako aliatua da, baita ekonomia zirkularreko tokiko estrategia batean funtsezko eragilea ere.

Ehun negozio baino gehiago

Konponduren webgunean "konponketa negozioen" bilatzaile bat dago; bertan, kontsumorako produktuen konponketarako ehun profesional baino gehiago aurki daitezke, esate baterako, etxetresna elektriko handiak eta txikiak, arropa eta oinetakoak, irudi eta soinu ekipamenduak, altzariak, etab. Horrekin batera, konponketarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako informazio eta dokumentazio ugari eskaintzen da.

Gizarte gisa, konponketaren kultura galdu da, eta, beraz, gaur egun oso zaila da negozio horietarako langile kualifikatuak aurkitzea

“Kalkulatzen dugu bilatzailean sektoreko negozioen %90 baino gehiago dagoela; sarrera berrien jarioa badago, baina ez dugu igoera handirik espero”, onartu du Diego Malo Konpondu proiektua kudeatzen duen beste teknikariak, Fernandezen lankideak. Izan ere, 2022tik bajak egon dira, eta hori da, Maloren ustez, konponketaren jardueren arazoetako bat; negozioak ixten ari direla, erretiroengatik, eta ez dagoela belaunaldi erreleborik. Gizarte gisa, konponketaren kultura galdu da, eta, beraz, gaur egun oso zaila da negozio horietarako langile kualifikatuak aurkitzea.

Egitasmoa bultzatzeko dirulaguntzak

2022az geroztik, proiektuak bi fase izan ditu; horietako bat Udalsarea Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen funtsekin batera finantzatu zen, eta bigarrena Next Generation Europako funtsekin.

Bestalde, Gasteizko Udalak ekonomia zirkularreko enpresa proiektuetarako laguntza bat du, konponketa jarduerak lehenesten dituena, eta merkataritza lokalak modernizatzeko beste laguntza bat, konponketa jardueren epigrafeak jasotzen dituena, negozio horiek kontsumitzailearentzat erakargarriak diren espazioetan egon daitezen. Hori gutxi balitz, negozio horiei digitalizazioan laguntzeko programa bat ere badute.

Ekonomia zirkularra, etorkizuneko bidea

Ekonomia zirkularra jasangarritasunarekin lotuta dago. Kontzeptu ekonomiko bat da, eta bere helburua produktuen, materialen eta baliabideen balioa ekonomian ahalik eta luzaroen mantentzea da. Horrekin batera, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztea ere bilatzen du. Horrela, ekonomia berri bat ezartzea bilatzen da, zirkularra eta ez lineala, produktuen, zerbitzuen, materialen, uraren, energiaren eta hondakinen bizitza fasea ixteko printzipioan oinarrituta.

Zalantzarik gabe, ekonomia zirkularra beharrezkoa da modaren munduan. Ez da onargarria zabortegietan amaitzen den hainbeste hondakin sortzea produktu txarrarekin”, aldarrikatu du Juantxo Urbieta Gasteizko Urbierta dendaren jabeak. Etorkizuna kalitate eta iraupen handiagoko produktua erostean eta zaintzean datza. Beti hobeto ikusiko da kalitatezko jantzi on bat, zaindua eta ondo mantendua, fast fashion jantziaren aurrean.

Gazteek gero eta interes handiagoa dute produktu hobea eskuratzeko, baina Urbietaren ustetan, prozesu motela da, sektoreko multinazionalek kontrako apustua egiten baitute

Gazteek gero eta interes handiagoa dute produktu hobea eskuratzeko, baina Urbietaren ustetan, prozesu motela da, sektoreko multinazionalek kontrako apustua egiten baitute. Edonola ere, ekonomia zirkularra hiru printzipioetan oinarritzen da: diseinutik hasita, hondakinak eta kutsadura ezabatzea, erabiltzen diren produktuak eta materialak mantentzea, eta sistema naturalak berrezartzea.

Konpondu egitasmoa printzipio horietako bigarrenean kokatzen da, komunitate zientifikoak eta akademia munduak erreparazioaren inpaktu positiboari buruz dituzten ebidentzietan oinarrituz.

Urbieta, Konponduko parte-hartzailetako bat

Urbieta 1962an sortutako enpresa da, larruzko moda lantzen duena; jantziak eta bestelako produktuak egiten dituzte hainbat sektoretarako, baina emakumeen eta gizonen modarako, batik bat. Halaber, poltsen, haurren eta dekorazioaren sektoreetara ere zuzendu dira, bai mantak eta kuxinak, bai egongeletarako, bulegoetarako edo beste gela batzuetarako larruzko horma irudiak eginez.

Konpondu egitasmoaren parte dira hasieratik. “Gure produktuek, larruazalak, bizitza bat baino gehiagoz goza dezakete urteetan zehar”, dio Urbietak. Zaharkituta dauden amonen antzinako jantziak birziklatu egiten dituzte, berregiteko lan handia eginez, erabat berrituz, eguneratuz eta berriro gozatzen duten belaunaldi berrien gusturako utziz. Balio handiko jantziak dira, ez bakarrik ekonomikoki, baita sentimentalki ere. "Konpondu egitasmoan egotea jendearengana iristeko beste aukera bat da”, adierazi du.

Juantxo Urbieta: “Gure produktuek, larruazalak, bizitza bat baino gehiagoz goza dezakete urteetan zehar”

Gainera, Konpondu egitasmoan parte hartzea oso erraza da; Gasteizko webgunearen bidez, negozioek inprimaki bat bete behar dute egiten dutena azaltzeko. Urbietaren arabera, esperientzia positiboa izaten ari da; beste modu bat haien lanbidea ezagutarazteko, harremanetan jartzeko eta beren jantziak birziklatu edo konpondu nahi dituztenei informazioa zabaltzeko.

Beste adibide bat: Jaiodeco

Jaiodeco 2023ko irailetik da Konponduko parte-hartzaile. Bertan etxeko edo negozio bateko altzari guztiak pertsonalizatu, eraldatu, zaindu eta konpontzen dituzte, aukera berri bat emanez eta pieza paregabeak sortuz. “Konpondu proiektuan ingurumen arloko onurak nabarmenak dira. Horregatik, erabaki genuen parte hartzea; egitasmoak garapen jasangarriaren balioak islatzen ditu, eta ekonomia zirkular berriaren elementuak indartzen”, esan du Jaione Aguadok Jaiodecoren jabeak.

Jaiodecok bi negozio-lerro ditu. Alde batetik, prestakuntza akademia bat du Gasteizen, altzariak eraldatzeko tekniketan espezializatua, altzariak modu sortzaile eta iraunkorrean zaharberritzen, konpontzen, berritzen eta pertsonalizatzen ikasi nahi duten pertsonentzako. Testuinguru horretan, zaharberritze eta pertsonalizazio teknikei buruzko tailer praktikoak ematen dituzte. Tailerrak maila guztietarako diseinatuta daude, hasiberrietatik adituetaraino, eta lixatzeko eta pintatzeko teknikak, akaberak eta bernizak aplikatzea, oinarrizko tapizgintza edo altzairuak neurrira diseinatzea eta sortzea bezalako gaiak lantzen dituzte. “Espazio hau altzariak konpontzeko eta pertsonalizatzeko diseinatuta dago, brikolajea eta dekorazioa maite dutenentzat esperientzia paregabea eskainiz”, azaldu du Aguadok.

Jaione Aguado: "Egitasmoak garapen jasangarriaren balioak islatzen ditu, eta ekonomia zirkular berriaren elementuak indartzen”

Bestalde, akademiaz gain, tailer espezializatu bat dute Gamarrako industrialdean, non talde kualifikatu bat altzariak konpontzen eta eraldatzen aritzen den, kalitate handiko zerbitzu pertsonalizatua eskainiz. “Espazio hau zaharrak, kaltetuak edo, besterik gabe, look aldaketa bat behar duten altzariak jasotzeko diseinatuta dago”, gehitu du.

Aitzitik, Aguadoren arabera, Konponduko esperientzia oharkabean igarotzen ari da, gehiegi bistaratzen ez delako.Gure ustez, erakundeek inbertitu eta babestu egin behar dituzte konponketaren eta berrerabileraren aldeko konpromisoa duten saltokiak”, azpimarratu du. Horregatik, Jaiodecotik ekonomia zirkularra sustatzeko bi ideia plazaratu dituzte; alde batetik, egitasmora atxikitako establezimenduen arteko harremana indartzea, eta, beste aldetik, udalerri batzuetan tresnak eta konponketan laguntzeko langile gaituak dituzten espazioak izatea, altzariak eta etxeko tresnak eraldatzeko, berrerabiltzeko eta konpontzeko eskola tailerra sortuz.

Aurrerapausoak

Gazteek, oro har, interes handia erakusten dute ekonomia zirkularrarekiko eta ekimen jasangarriekiko. Aurrean ditugun ingurumen eta gizarte arazoen jakitun dira, eta horrek jasangarritasuna sustatzen duten praktikekiko konpromiso handiagoa dakar.  Askok bigarren eskuko produktuak erostea edota material birziklatuak erabiltzen dituzten edo ekoizpen-politika arduratsuak dituzten markak babestea aukeratzen dute. Hondakinak murriztearen aldeko mugimenduetan ere parte hartzen dute, hala nola zero waste edo ontzi berrerabilgarrietan. Gainera, sare sozialek zeregin garrantzitsua dute, ekimen horiei buruzko informazioa eta esperientziak partekatzeko aukera ematen baitute, eta horrek beste batzuk bat egitera bultza ditzake.

Parte hartzearen maila aldatu egin daiteke hainbat faktoreren arabera, hala nola hezkuntza, baliabideetarako sarbidea eta tokiko kultura. Hala eta guztiz ere, joera argia da: gazteak gero eta prestatuago daude ekonomia zirkularra babestuko duen bizimoduari aurre egiteko. Oso aldaketa positiboa da. Hala ere, ñabardura bat egitea ezinbestekotzat jotzen dute Fernandezek eta Malok: "ikusten dugu gero eta ekonomia zirkukarra gehiago egiten dutela enpresek. Ikusten dugu gero eta hobeto bereizten dituzte hondakinak hiritarrok. Baina, zoritxarrez, argi ikusten dugu, halaber, gero eta gehiago kontsumitzen dugula, eta, ondorioz, gero eta hondakin gehiago sortzen ditugula". Horregatik ere da gako kontzientziazioa lantzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK