Bruselak 2035erako errekuntza motorren debekuari betoa kendu dio

Europako energia ministroek argi berdea eman diote ibilgailu kutsakorrak saltzeko debekuari, baina erregai sintetikoak erabiltzen dituztenak debekutik kanpo utzi dituzte

Erregai sintetikoa dutenak debekutik salbuetsita egongo dira | Argazkia: iStock Erregai sintetikoa dutenak debekutik salbuetsita egongo dira | Argazkia: iStock

Europar Batasuneko Energia ministroek behin betiko baimena eman diote 2035etik aurrera errekuntza motorrak (diesela, gasolina eta hibridoak barne) dituzten ibilgailuak saltzeko debekuari, Alemaniak betoa kentzea onartu ondoren. Hori bai, erregai sintetikoak erabiltzen dituztenak baimenduta egongo dira data horretatik aurrera ere, Alemaniak Europako Batzordearekin egin duen akordio bati esker.

Izan ere, erregai sintetikoak errekuntza ibilgailuak saltzea debekatzeko negoziazioen esparruan sartzea proposatu zuen Bruselak, baina neurri hori etenda geratu zen, Alemaniako Gobernuak 2035era begira mota horretako erregaiak dituzten ibilgailuak saltzen jarraitzea nahi baitzuen. Azkenean, Berlinek Europako Batzordearekin lortutako akordioari esker, Energia Ministroen Kontseiluan aurrera atera da erregai sintetikoak erabiltzen ez dituzten errekuntza motorren debekua. Alemaniaren babesarekin atera da aurrera neurria, nahiz eta Poloniak eta Italiak (bioerrekuntzak ere salbuetsita egotea eskatzen zuten) aurkako botoa eman duten, eta Bulgaria abstenitu egin den.

Errekuntza motorren amaiera izan zen 27 herrialdeek eta Europako Parlamentuak 2022ko urrian amaitu ziren negoziazioetan adostu zutena. Joan den otsailean jaso zuten Ganberaren osoko bilkuraren bermea, eta hiriburuen azken oniritzi formala baino ez zen falta. Debeku hori ezartzea data berririk gabe atzeratu zuten, Alemaniak eta Italiak azken uneko zalantzak adierazi zituztelako, eta arau berria ezartzea arriskuan jar zezaketelako. Hala ere, joan den larunbatean Frans Timmermans Europako Itun Berderako presidenteordeak Berlinekin betoa kentzeko akordioa iragarri zuen.

Errekuntza motorren debekua EBk legegintzaldi honetan bultzatu nahi duen pakete klimatikoaren parte da, 2030erako eta 1990eko blokearen isurketa kutsatzaileak gutxienez %55 murrizteko. Azken akordioarekin, EBren arabera, erregai sintetikoen ahokatze horrek ez dio eragingo errekuntza ibilgailuak merkaturatzeko debekuari buruz jada itxitako akordioari. Aldiz, iturri diplomatikoek azpimarratu dute halako mugimenduek Europako erakundeen funtzionamendua “ahultzea” saihestu egin behar dela, hori delako orain “benetako kezka”.  

Berlinen azken orduko mugimendu hori ere kritikatu du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako Espainiako ministroak Bruselan, eta ohartarazi du halako jarrerek Europa “egoera zailetan” utz dezaketela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK