Eusko Legebiltzarreko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordea Danimarkara joan da aste honetan herrialdeko nekazaritza elikagaien ekosistema ezagutzera. Konfekoopek antolatuta, bertako hainbat kooperatiba bisitatuko dituzte.
Legebiltzarreko batzordearen ordezkaritzak honako kide hauek ditu bidaian: Aritz Abaroa Cantuariense, Ander Añibarro Maestre (EAJ), Mikel Díaz de Alda Gómez de Segura (EH Bildu), Jorge Juez Ortiz (PSE-EE), Ana Morales Peral (PP) eta Amaya Martínez (Vox).
Azaldu dutenez, bidaiak helburu bikoitza izango du. Alde batetik, legebiltzarkideak Danimarkako nekazaritzako elikagaien ereduaren ezaugarriak, haren egitura kooperatiboa eta sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko garatutako estrategia ezagutu ahal izango dute, baita herrialdeko berrikuntza jarduerak ikusi ere. Era berean, bidaian parte hartzen duten kooperatiben eta gainerako eragileen arteko lankidetza sustatu nahi da.
Atzo bertan joan ziren euskal ordezkariak Danimarkara, eta gaur DAFC Danimarkako elikadura eta nekazaritza kontseiluko kideekin bilduko dira. Besteak beste, Odense eta Aarhus hirietan izango dira.
“Bidaia tekniko” honen bidez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeak ezagutza trukatu eta EAEko nekazaritzako elikagaien sektorean aplikatzeko jardunbide egokiak identifikatu nahi ditu, besteak beste, bai lehiakortasunean, bai berrikuntzan hobetzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta