• JASANGARRITASUNA
  • Aclimak Descarbon Hub aurkeztu du EAEn karbonoaren ekonomia berria sustatzeko

Aclimak Descarbon Hub aurkeztu du EAEn karbonoaren ekonomia berria sustatzeko

Bilbon egindako jardunaldian CO2 baliabide estrategiko gisa erabiltzeko aukerak eta erronkak aztertu dituzte, eta proiektu berritzaileak ere aurkeztu dira

Argazkia: Aclima
Argazkia: Aclima
2025eko urriaren 3a - 14:09

Aclimak, Basque Environment Clusterrek, ‘Decarbon Hub’ ekimena jarri du martxan Bilbao Exhibition Centren egindako topaketan. Helburua da karbonoaren ekonomia berria bultzatzea, ekonomia zirkularrean eta CO2ak eskaintzen dituen aukeretan oinarrituta, baliabide estrategiko gisa erabiltzeko teknologien bidez. Ekitaldian, arloko adituek deskarbonizazioaren inguruko eztabaida ireki dute eta EAEn jadanik abian dauden proiektu estrategikoak aurkeztu dira.

 

Topaketan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allendek eta Aclimako zuzendari nagusi Olga Martínek, besteak beste. Martínek nabarmendu duenez, “gure industria-ehunean badaude sektore giltzarriak non elektrifikazioak ezin dituen isuri guztiak saihestu, eta, beraz, Europako konpromisoak betetzeko beste bide batzuk aktibatu behar dira”. Aldi berean, aukera horiek balio-kate berriak sortzeko baliagarriak izan daitezkeela gehitu du, EAE Europa mailan erreferente bihurtzeko.

DESCARBON HUB
Descarbon Huben aurkezpena | Argazkia: Aclima

Jardunaldian CO2 Capture, CO2 Farm eta Cíclicom proiektuak aurkeztu dira, baita karbonoa atzitzeko eta erabiltzeko aukerak eta horiek ezartzeko erronkak ere. Halaber, karbonoaren "borondatezko merkatuen" etorkizunaz, EAEn merkatu propio bat garatzeko aukerez eta ekonomia zirkularrak izango dituen erronkez eztabaidatu da. Aclimak azaldu du helburua dela “CO2 baliabide estrategiko bihurtzea” eta teknologia berrien garapenean aitzindari izatea.

 

Ekitaldia, gainera, lehen elkargune bihurtu da ezagutza, esperientzia eta estrategiak partekatzeko. Modu horretan, trantsizio klimatiko erreala eta berritzailea eraikitzeko oinarriak ezarri dira, lurraldearen gaitasun estrategikoekin bat eginda.

ISG07248
Descarbon Huben aurkezpena | Argazkia: Aclima