
Deskarboniza 2025 plana aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak, industria jasangarriagoaren alde egiteko eta emisioak gutxitzeko helburu duen plana. Urtero 400 milioi euroko laguntza bideratuko da zuzenean plan berrira, alegia, datozen hiru urteetan 1.200 milioi euro erabiliko dira, orotara.
Adierazi dutenez, planari esker EAEk %68 murriztuko du deskarbonizazio prozesuetara bideratzen den inbertsioa. Horrez gain, enpresei dirulaguntzak emango zaizkie (%23koak enpresa handiei, %28koak ertainei eta %33koak txikienei), eta, gainera, %35eko kenkari fiskala ezarriko zaie inbertsioa eginez gero deskarbonizazio zein jasangarritasun prozesuetan.
Planak hainbat programa bideratuko ditu, baina bi gailentzen dira: deskarbonizazio industrialera bideratuko dira 100 milioi euro, eta autokontsumora beste 160 milioi; bestalde, interesik gabeko mailegu-lerroa ere izango da herri-administrazioentzako, 100 milioi eurokoa. Gainerako 40 milioi euroak bestelako programen artean banatuko dira: mugikortasun jasangarria, ikerketa energetikoak, ekonomia zirkularra, eta abar.
Mikel Jauregi Industria sailburua izan da aurkezpenean, eta itzalaldia hizpide izanik, gogorarazi du sare elektrikoak ere indartu beharko direla, beharrezkoa baita sarea sendoa eta erresilientea izatea “industriaren deskarbonizazioa lortzeko”.