EGAren oniritzia jaso du EAEko Mugikortasun Jasangarriko Planak

Behin barne-izapidetzea igarota, Gobernu Kontseilura iritsiko da, hark onartzeko

EGAko kideak, tartean Susana García Chueca Mugikortasun sailburua | Argazkia: Irekia
EGAko kideak, tartean Susana García Chueca Mugikortasun sailburua | Argazkia: Irekia
2025eko urriaren 22a - 15:25

EGA Euskadiko Garraio Agintaritzaren eskumena da garraio publikoa, eta gaur Osoko Bilkura egin du. Organo horren parte diren kideek begi onez jo dute Mugikortasun Jasangarriko Plana, eta hura onartu. "Planaren helburuak eta zehaztapenak positiboak eta beharrezkoak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren mugikortasun jasangarriaren eredua garatzeko”, adierazi du EGAk.

 

Hamar urteko garapena jasotzen duen plana da, eta bertan 122 jarraibide eta ekintza zehazten dira, jasangarritasuna, intermodalitatea, justizia soziala, efizientzia ekonomikoa eta eraginkortasun funtzionalari loturikoak. Zehazki, planteatzen du: trafikoa mantsotzeko neurriak zabaltzea 25.000 biztanletik gorako udalerrietara, —baita Emisio Txikiko Eremuak ere— disuasio aparkalekuak udalerri ertainetako tren- edo autobus-geltoki inguruetan, autobus-errei itzulgarriak herri handietako sarbidean... Halaber, planean herritarren ekarpenak ere aintzat hartuko dira. Izan ere, azken hilabeteetan herritarrekin kontrastatzeko prozesuan murgilduta izan da. Denera, 1.680 alegazio bildu dira, partikularrek, sektoreko elkarteek eta administrazio publikoek eginikoak, eta horietatik 742 onartu dira, izan osorik edo zati baten, dokumentuaren behin betiko bertsioan izango direnak. 

Aldi hori igarota, eta osoko Bilkurak onartuta, barne-izapidetze fasean sartuko da plana, eta hortik Gobernu Kontseilura, azken horrek onartzeko. 

 

Aintzat hartu behar da plana dela EAEko Mugikortasun Jasangarriaren Legea garatzeko eta araudi honen helburuak betetzeko tresna nagusia.