• JASANGARRITASUNA
  • 'Ekintza oro, txikia izan arren, garrantzitsua da' lelopean egingo da aurtengo Asteklima

'Ekintza oro, txikia izan arren, garrantzitsua da' lelopean egingo da aurtengo Asteklima

Hamar egunez, aldaketa klimatikoaren gaineko kontzientziazio handitu nahi da herritarren artean. 200 bat jarduera egingo dituzte denera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Argazkia: Asteklima
Argazkia: Asteklima
2025eko urriaren 16a - 12:44

Bihartik urriaren 26ra bitartean egingo da Asteklimaren aurtengo edizioa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekintza klimatikoa herritarrengana hurbiltzea helburu duten doako 200 jarduera baino gehiago eskainiko dira. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatuta, Ihobe eta EEE sozietate publikoen bidez, Astekliman udalak, ikastetxeak, unibertsitateak, elkarteak, enpresak eta herritarrak elkartuko dira, eta energia kontsumoari buruzko tailerrak, solasaldiak, hitzaldiak, antzerkia, zinema, lehiaketak, escape-roomak, erakusketak, ibilbide gidatuak, bisitak, ipuin kontalariak eta aire zabaleko jarduerak eskainiko dira.

 

Ekintza oro, txikia izan arren, garrantzitsua da lelopean egingo da topaketa, eta antolatzaileek adierazi dute aurtengo edizioa “une erabakigarrian” iritsi dela, izan ere, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko inkestaren arabera, EAEko herritarren %75ek uste du trantsizio energetiko eta klimatikoak aukera berriak ekartzen dizkiola lurraldeari. Gainera, herritarren %76 kezkatuta azaldu da aldaketa klimatikoari buruz galdetuta.

Aurtengo Astekliman Klima Azoka izeneko azoka ibiltaria izango da, hainbat udalerritan jarduera ludikoak eskainiko dituena. Guztira zazpi karpa izango ditu, eta, horietan, hainbat ingurumen gai jorratuko dira, hala nola: klima aldaketaren arrazoiak, energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta ikuspegi pertsonaletik aldaketari nola egin dakiokeen ekarpena.