Elikadura burujabetzaren aldeko aldarria egin dute Elika Bilbo ekimenaren barruan

Elika Bilbo elikadura burujabetzaren aldeko ekimena da. Ekitaldiz betetako asteari bukaera eman dio eragile andanak sinatutako aldarriak.

Aldarria irakurri dute gaur Bilboko Plaza Berrian eragileek. Argazkia: Elika Bilbo Aldarria irakurri dute gaur Bilboko Plaza Berrian eragileek. Argazkia: Elika Bilbo

Labore Bilbo, Ekologistak Martxan, Bizilur, GITE-IPES eta REAS eragileek Elika Bilbo, elikadura-subiranotasunaren aldeko ekimena abian jarri dute. Bilbon hainbat jarduera burutu dute astebetez eta Plaza Barrian aurkeztutako aldarriarekin bukaera eman diote gaur.

Ekimenaren helburua Bilbon elikadura-subiranotasuna eta elikaduraren esparruan kontsumo arduratsu eta eraldatzailea sustatzea da. Tokiko produktuak eta produktu agroekologikoak ekoizten eta merkaturatzen dituztenei laguntza eman nahi izan diete. Maiatzaren15 eta 22 bitartean zenbait ekitaldi antolatu dituzte. 

Burututako jardueren artean nabarmentzekoak dira alderdi politikoetako ordezkariekin eta europarlamentariekin egindako mahai-ingurua, Enba eta Etxaldia nekazarien elkarteekin egindako topaketa eta euskal sindikatuek elikadura subiranotasunaren alde elkarrekin egindako adierazpena. Bideoforumak, tailerrak eta azokak ere antolatu dituzte astean zehar Bilboko auzo ezberdinetan. 

Elika Bilbo ekimenari bukaera emateko eragileek elikadura burujabetzaren aldeko aldarria irakurri dute gaur Plaza Barrian. Aldarri horretan "bilbotar askok herriekiko eta lurrarekiko loturak eta harremanak galdu egin dituztela" nabarmendu dute. "Hainbeste galdu, ezen egunero jandakoa nondik datorren ez dakitela. Bilbon jaten dutenaren % 90 urrutitik dator, Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik kanpoko lurretatik gehien-gehiena".

Aldarriak bederatzi ildo jorratzen ditu: Ekoizpen eta kontsumo-eredu agroekologikoa lehenestea, zirkuitu laburreko komertzializazio-ereduaren alde egitea, biodibertsitatea eta janari osasuntsuaren aldeko hautua, elikadura osasuntsuaren eskubidea, elikadurak negozioa bilatu ordez zerbitzu bezala ulertzea, bizitzak erdigunera eramatea eredu iraunkor eta justua eraikitzeko, klima larrialdia, ekonomia solidarioa eta interkomunikaziorako konpromisoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK