Elikagaien bigarren aukera zakarrontzira bota aurretik

Too Good to Go bezalako aplikazioek supermerkatu eta dendetako janari soberakinak saltzen laguntzen dute, zaborretan elikagai gutxiago amaitu eta aukera berri bat izan dezaten

Argazkia: Too good to go Argazkia: Too good to go

Munduko leku askotan goseak eta janari faltak errealitate izaten jarraitzen du; munduko beste leku askotan, berriz, jatetxeetan soberan geratu diren edo supermerkatuetan inoiz saldu ez diren tona eta tona janari alferrik galtzen dira. Praktika honekin amaitzeko, janari soberakinak aprobetxatu ahal izateko, askotariko ekimenak sortu dira, Horietako bat Too Good to Go aplikazioa da. Aplikazio horren bidez, egun horretan bertan prestatutako janaria edo iraungitzear dauden dendetako produktuak saltzen dira, kontsumitzaileei dirua aurreztuz eta oraindik aprobetxa daitekeen janaria alferrik galtzea saihestuz.

Estatu espainiarrean urtean 50.000 tona janari fresko inguru botatzen dira, Nekazaritza Ministerioaren eta Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioaren (FESBAL) datuen arabera. Osasun-protokoloek debekatu egiten dute zakarrontzira botako diren elikagai freskoak ematea, egunero milaka eta milaka kilo zabor sortuz gure supermerkatuetan. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, euskaldun bakoitzak batez beste 179kg janari zabor sortzen ditu urtean. Espainiako estatuan hondakin gutxien sortzen duten supermerkatuak zeintzuk diren jakiteko Eticonsumek egindako ikerketa batean, Eroski dago lehen postuan, Carrefour eta Alcamporen aurretik. Eroskik denbora darama fruta eta barazki itsusiak deiturikoak merkaturatzen, produktuaren kalitateari benetan eragiten ez dion forma-akatsen bat dutenak eta saldu aurretik zaborretara botatzen zirenak.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, euskaldun bakoitzak batez beste 179kg janari zabor sortzen ditu urtean.

Jatetxeetan sortzen ziren janari soberakinek eraginda, 2015ean Danimarkako bost lagunek aplikazio bat sortzea pentsatu zuten, zakarrontzira egoera ezin hobean botatzen zen janaria aprobetxatzeko eta prezio merkeagoan saltzeko. Horrela sortu zen Too Good to Go, erosketa ezagatik zaborretara botatzera bideratutako janaria salbatzea ahalbidetzen dizun aplikazioa. 2019az geroztik, aplikazio hori Euskal Herrian erabili daiteke, eta, horren ondorioz, jatetxe eta elikagai-denda askok soberakinak saldu ahal dituzte iraungi eta zaborretan amaitu baino lehen. Beste aukera batzuk ere badaude Too Good to Go aplikazioaren aurrean, besteak beste, helburu bera duten Encantado de Comerte eta Olio, iraungitzear dauden eta dagoeneko inork erosiko ez lituzkeen janari soberakin horiek aprobetxatzeko.

Aplikazioak nola erabili

Janaria salbatzeko aplikazioak oso modu sinplean dabiltza. Erabiltzaileak harremanetan jartzen ditu janari-soberakinak dituzten eta oraindik aprobetxa daitekeen janaria kendu nahi duten establezimenduekin. Demagun egun gutxiren buruan iraungitzen dela esne-kartoi bat; supermerkatuak ezin du saldu bere araudiaren arabera, eta orduan, prezio txikiagoan jarriko du nahi duenak erosteko. To Good to Go atalean eskaera bat egiteko orduan, ez dakizu zer produktu mota sartuko diren jasotzen dituzun elikagai poltsan, baina adibidez, gozotegi batean eskaera egiten baduzu, segur aski laberatutako gozokiz betetako poltsa bat aurkituko duzu, hurrengo egunean saltzea ezinezkoa izango litzatekeena. Janari-soberakinak aprobetxatzeko modu hori ona da, bai janaria merkeago aurki dezakeen kontsumitzailearentzat, bai produktu bati errentagarritasuna atera diezaiokeen establezimenduarentzat, bestela produktu hori ezin izango luke saldu, ezta jantoki sozialei eman ere.

2021eko urriaren 11n, Espainiako Gobernuak iragarri zuen lehen legea bultzatuko zuela elikagaien soberakinei aurre egiteko, uzta eta ekoizpenetik hasita, kontsumitzaileraino

2021eko urriaren 11n, Espainiako Gobernuak iragarri zuen lehen legea bultzatuko zuela elikagaien soberakinei aurre egiteko, uzta eta ekoizpenetik hasita, kontsumitzaileraino. Lege horrek atea irekitzen du halaber, janari-soberakinak dohaintzan eman ahal izateko. Izan ere, orain arte, osasun-zerbitzuak debekatu egiten du praktika hau. Frantzian bada Espainiako gobernua bultzatzen ari denaren antzeko lege bat, 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuen testuinguruan kokatzen dena, eta elikagaiekin sortzen den zaborra erdira murriztu nahi duena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK