Elikagaien erosketa jasangarriagoa egiteko azterlana aurkeztu dute sektoreko klusterrek

Basque Food Cluster, Aclima eta MLC-ITS Euskadi klusterrek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ondu dute ikerketa, eta gaur aurkeztu dute Donostiako San Martin merkatuan

Klusterretako eta beste hainbat entitatetako ordezakariak, gaur San Martin merkatuan | Argazkia: utzitakoa Klusterretako eta beste hainbat entitatetako ordezakariak, gaur San Martin merkatuan | Argazkia: utzitakoa

Basque Food Cluster, Aclimak eta MLC-ITS Euskadi klusterrak "Foodelivery" ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur Donostiako San Martin merkatuan. Elikaduraren, ingurumenaren eta mugikortasun eta logistikaren euskal klusterrak dira hiru erakundeak, eta elikagaiak erosterako garaian egiten diren banaketa mota desberdinek ingurumenean duten eragina aztertu nahi izan dute.

Hala, ikerketaren arabera, erosketa egiteko modu jasangarriena erosketa online egin eta jasotzera joatea dela jakinarazi dute, “Click & collect” izendatutako modua, hain zuzen. Era berean, “hurbileko merkataritzan erosketak egitea” ere jo dute ingurumena errespetatzeko modu egokiena, “betiere joan etorriak oinez egiten badira”.

Azterlana Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin osatu da, eta gaurko ekitaldian izan da Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua. Jon Ander Egaña, Basque Food Clusterreko zuzendari nagusia, Olga Martin Aclimako zuzendari nagusia eta Fernando Zubillaga Mugikortasun eta Logistika klusterreko zuzendaria ere bertan izan dira.

Ikerketa Gipuzkoan burutu da, eta saltoki motaren baitan banaketa modu desberdinak hartu dituzte kontuan. Beste faktore batzuk ere haintzat hartu dituzte, hala nola, kontsumitzaileak saltokira bertaratzeko modua, erosketa etxera eramateko erak, paketatzeko elementuak edota garraiorako erabilitako poltsak.

Ikerlariek azaldu dutenez, eskaera online egiteak inpaktu txikiagoa du, “dendaren klimatizaziotik eta argiztapenetik eratorritako kontsumo txikiagoa eskatzen duelako; izan ere, eskaera prestatzen duen pertsonak dendara joaten den pertsona batek baino denbora laburragoan egiten du, eta, beraz, energia-kostuak txikiagoak dira".

Horrez gain, ikerketari esker, erosketak garraiatzeko eta banatzeko erabiltzen diren bilgarriek %3tik beherako karbono aztarna uzten duela ondorioztatu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK