Energiaren Euskal Erakundeak 2 milioi euroko laguntzak emango ditu kamioiak berritzeko

Salgaien errepide bidezko energia eta ingurumen arloko garraioa hobetzea du helburu neurriak, egun hori delako energia kontsumitzaile handienetako bat, petrolio mendekotasun handiarekin

Laguntza jaso dezaketen salgaien ibilgailu astunek N2 eta N3 kategoriakoak izan beharko dute | Argazkia: iStock Laguntza jaso dezaketen salgaien ibilgailu astunek N2 eta N3 kategoriakoak izan beharko dute | Argazkia: iStock

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da gaur 2023ko Renove Kamioiak  laguntza programa martxan jartzeko agindua, eta eskaerak aurkezteko epea ekainaren 12tik egongo da indarrean aurrekontua agortzen den arte edo urriaren 31ra arte gehienez. Aldi horretan, ETEak zein autonomoak eta enpresa handiak Euro VI-E diesel motorizazioko kamioien edo energia alternatiboekin –hala nola GNK gas natural konprimatuarekin, GNL gas natural likidotuarekin edo biometanoarekin– dabiltzan kamioien erosketa bultzatuko duten dirulaguntzetara bildu ahalko dira. Laguntza jaso dezaketen salgaien ibilgailu astunak N2 eta N3 kategoriakoak izango dira, eta kasu guztietan ere ezinbestekoa izango da kategoria bereko beste ibilgailu bat txatar bihurtzea laguntza baliatu ahal izateko.
 
Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, motorizazio motaren, eta ibilgailuaren kategoriaren eta tamainaren arabera aldatuko da, baita enpresa eskatzailearen motaren arabera ere. Adibide gisa, baimendutako gehieneko masako 5 tonarainoko N2 kamioi txikiei egokituko zaizkie zenbateko txikienak, hau da, ibilgailuko 6.785€ enpresa handientzat eta 6.950€ autonomoentzat eta ETEentzat, eta zenbateko handienak baimendutako gehieneko masako 16 tonatik gorako eta energia alternatiboekin elikatutako N3 ibilgailuentzat izango dira, ibilgailuko 30.500€-ko zenbatekoarekin enpresa handientzat, eta 34.000€-ko zenbatekoarekin ETE eta autonomoentzat.

Funts erabilgarriak hobeto banatzeko, enpresa bakoitzeko ibilgailuen gehieneko muga bat ezarri du Euskal Energiaren Erakundeak. Horrela, guztira gehienez hamar ibilgailuko laguntza ezarri du azken erabiltzaileko eta deialdiko, eta ibilgailu horietatik bostek gehienez Euro VI-E dieselak izan ahalko dute. Autonomoek, edozein kasutan ere, ibilgailu bateko muga izango dute azken erabiltzaileko.

Tramitazio guztiak Energiaren Euskal Erakundearen webgunetik egin ahalko dira; bertan argitaratu dira jada oinarriak eta dagokion informazio guztia, eta Eusko Jaurlaritzaren informazio, tramite eta zerbitzu gunean sartu ahal izango da bertatik.

Garraioa da Euskadin kontsumo energetiko handiena eragiten duen sektoreetako bat. Industria gainditzen du eta, gainera, %80an dago petrolioaren deribatuen mende. Askotariko ahaleginak egiten ari dira kontsumoan duen inpaktua minimizatzeko, hala nola, ibilgailuen parkea modernizatzea efizientzia irabazteko, parkea elektrifikatzea, eta energia alternatiboak erabiltzea petroliotik desakoplatzea zaila gertatzen zaien sektoreetan. Horixe izango litzateke garraio astunaren kasua, non elektrifikazioa ez den teknikoki hain alternatiba bideragarria, eta, aitzitik, gaur egun badugu energia alternatiboak eta efizientzia handiagokoak erabiltzeko aukera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK