Euskal industriaren 100 proiektuk ingurumen hobekuntzarako Jaurlaritzaren dirulaguntza jasoko dute

Enpresen inbertsio osoa 33,7 milioi euro ingurukoa izango da

Argazkia: Spri Argazkia: Spri

 

Guztira 73 euskal enpresetako (gehienak ETEak) 100 proiektuk jasoko dituzte ingurumena babestera bideratutako inbertsioak egiteko Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak. Bost milioi eurotako laguntzak bi modalitatetan banatuko dira: 3.791.284.05 euro prozedura arruntaren bidez esleitutako proiektuetarako izendatu dituzte, eta gainerako 1.208.715,95 euroak prozedura sinplifikatuaren bidez esleitutako proiektuetarako izango dira.

Prozedura arruntaren arabera aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, 40 enpresak aurkeztutako 55 proiektu diruz laguntzea erabaki dute. Proiektu horiek gauzatzeko 29,8 milioi eurotik gorako inbertsio garbia egingo da guztira.

Diruz lagundutako proiektuen %44 hondakinen sorrera gutxitzearekin edota ezabatzearekin lotuta daude; %27 airearen kutsadurari buruzko jardunei lotuta daude; eta %15 uren kutsadurarekin edo uraren baliabidea aprobetxatzearekin. Ehuneko txikiagoan, %5 lurzoru kutsatuak berreskuratzeko proiektuak dira, beste %5ek usainak gutxitzea dute helburu; eta %4 ingurumen-azterlanak eta zarata minimizatzearekin lotutako proiektuak dira.

Horrek esan nahi du, prozedura arruntari dagokionez, diruz lagundutako proiektuetako 24 hondakinak balorizatzeari, birziklatzeari, ezabatzeari edota gutxitzeari buruzkoak direla; 15 proiektu atmosferako emisio kutsatzaileak murrizteari edo ezabatzeari buruzkoak. Era berean, diruz lagundutako 3 proiektu lurzoru kutsatuak berreskuratzeko dira eta beste 8 uren kutsaduraren tratamenduarekin erlazionatuta daude.

Horrez gainera, laguntzak emango zaizkie beste 38 euskal enpresari prozedura sinplifikatua izenekoaren arabera beste 45 proiektu gauzatzeko (horietako bostek prozedura arruntaren bidez ere jasoko dute dirulaguntza) eta, besteak beste, ETEen inbertsioak gauzatzeko izango dira, bereziki ingurumenari buruzko aholkularitza zerbitzuen kanpo-kostuak finantzatzeko.

Dirulaguntzekin, airearen, uraren eta lurzoruaren kalitatean hobekuntzak bultzatu nahi ditu Jaurlaritzak, ingurumen-baldintzak eta herritarren osasuna zainduz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK