• JASANGARRITASUNA
  • EAEko hiru proiektu finalista dira Europako hondakinak murrizteko EWWR lehiaketan

EAEko hiru proiektu finalista dira Europako hondakinak murrizteko EWWR lehiaketan

Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Repara, Duara elkartearen Hondakinetik modara Euskadi eta Garazi Sánchezen Lotsa dokumentala lehiatuko dira saria eskuratzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak | Argazkia: Ihobe
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak | Argazkia: Ihobe
2025eko maiatzaren 2a

Hondakinak Prebenitzeko Europako Asteak (EWWR) hautatu berri ditu hondakinak murrizteko hamabost ekintza finalistak. Hiru hautagai EAEkoak dira: Bizkaia Repara, Hondakinetik modara Euskadi eta Shame-Lotsa-Vergüenza. Sariak bost kategoriatan banatzen dira, eta hiru finalista hautatu dira kategoria bakoitzerako.

 

Hala, administrazio publikoak antolatutako ekintzetako hautagaia da Bizkaia Repara, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak bultzatu duen kanpainak helburu du hondakinen sorrera gutxitzea, kontsumo jasangarri zein arduratsua landuta eta produktuen konponketa sustatuta. Bonuak trukatzeko sisteman oinarritzen da, zeinak hamar euroko deskontua eskaintzen dien kontsumitzaileei hogei euro edo gehiagoko konponketa zerbitzuetan.

Hondakinetik modara Euskadi proiektua Bilboko Duara elkarteak sustatu du, eta elkarteek sortutako ekimenen kategoriako hautagaia da. Proiektua modara bideratuta dago, hots, baztertutako materialak berrerabilita modan iraunkortasuna eta sormena sustatzen du, lehiaketa formatua izanik.

 

Norbanakoen kategorian, Getxoko Garazi Sánchez surflaria da finalista, Shame-Lotsa-Vergüenza dokumentalagatik. Lanak helburu du ikastetxeetako ikasleak sentsibilizatzea, ozeanoen kutsaduraren arazoa jorratuta. Dokumentalaz haratago, Sánchezek surfeko masterclassa eskaintzen du, eta hondakin-bilketa ere sustatzen du hondartzan bertan.

Ekainaren 12an ezagutuko dira ekimen irabazleak, Circular Summit Fryslân 2025 ekitaldian, Leeuwardenen (Herbehereak). Epaimahaikideak kontuan hartuko ditu ekintzaren komunikazioa eta ikusgarritasuna, ekintzaren edukiaren kalitatea, originaltasuna, inpaktuaren iraupena, baita ekintzaren jarraipena ere.