Frantziak debekatu egin ditu trenez egin daitezkeen ibilbideetako hegaldi nazionalak

Legeak CO2 isuriak murriztu nahi ditu, baina Aire Garraioaren Nazioarteko Elkarteak egindako kalkuluen arabera, Europan 500km baino gutxiagoko ibilbide guztiak kentzeak isurien %3,8 baino ez luke ezabatuko

Charles de Gaulle Parisko aireportua | Argazkia: iStock Charles de Gaulle Parisko aireportua | Argazkia: iStock

Frantzia da bi ordu eta erdi baino gutxiagoko iraupena duten hegaldi nazionalak debekatzea erabaki duen munduko lehen herrialdea. Dekretua asteazken honetan argitaratu da eta berehalakoan izan du eragina herrialdeko aireko lotura laburretan.

Neurri hori 2021eko abuztuan onartutako Klimaren Legean sartuta dago, baina indarrean sartzea falta zitzaion. Klima aldaketaren aurka borrokatzea du helburu, hegaldi labur horiek sortzen dituzten CO2 emisioak murriztuz.

Hiru urtez aplikatuko den neurria izango da, eta ondoren bere eraginkortasuna ebaluatuko da. Hori bai, hurbileko bi hiriren arteko hegaldiak bertan behera uztera behartzen duten tren ibilbideek “maiztasun nahikoa eta ordutegi egokiak” izan beharko dituzte, eta, horrez gain, konexioak gutxienez zortzi orduz helmugan egoteko aukera eman beharko dio bidaiariari.

Frantziako Garraio Ministerioak “funtsezko urrats” eta “ikur indartsutzat” du neurria berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko politikan. Baina aireko elkarteek neurriaren aurkako jarrera irmoa azaldu dute. Aire Garraioaren Nazioarteko Elkarteko zuzendari nagusi den Willie Walshek “erabat zentzugabetzat” jo du neurria, “ezertarako balio ez” duela ziurtatuz. Elkarteak egin dituen kalkuluen arabera, Europan 500 kilometro baino gutxiagoko ibilbide guztiak ezabatuko balira, hegaldien %24 kenduko lirateke, baina CO2 isuriak %3,8 baino ez lirateke murriztuko.

Espainiako Aireko Lineen Elkarteak dioenez, airelineek ez dute trena lehiakide gisa ikusten, garraiobide “osagarri” gisa baizik. Udako denboraldirako aurreikuspenen aurkezpenean, Javier Gandara presidenteak adierazi zuen abiadura handiko alternatibak dituzten Espainiako bost ibilbideek (Madril, Bartzelona, Malaga, Sevilla, Valentzia eta Alacant) 4 milioi bidaiari inguru dituztela urtean, guztizko 275 milioitik.

Bere ustez, askotan trenaren ordez hegazkina hartzen dutenen kasuan, helmuga ez da hiri hori izaten, urrunago dagoen beste helmuga baterako geldialdia baizik. Ondorioz, Espainian neurri hori eraginkorra izango ez dela iritzi zion, CO2 isuriak %0,9 baino ez lituzkeelako murriztuko, eta bidaiari batzuentzat konexio arazoak egongo liratekeelako.

Aldiz, elkartetik adierazi dute beste neurri batzuk askoz eraginkorragoak direla, hala nola, hegazkingintzako erregai jasangarriak, emisioak %80raino murriztea ahalbidetuko luketenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK