Gaztagintza tradizionalaren lehiakortasuna areagotzeko proiektu baten ari dira hiru euskal erakunde

Esneki Zentroa Leartiker, Prosumerlab eta Hazi mugaz gaindiko 'Know&Cheese' proiektu europarrean parte hartzen ari dira, esnekigintzaren lehiakortasunari bultzada eman asmoz

Argazkia: Esneki Zentroa Leartiker Argazkia: Esneki Zentroa Leartiker

Esnekigintza eta gaztagintza tradizionala lehiakor izango bada, jasangarritasuna erdigunean izan behar du. Ideia hori abiapuntu jaio zen Europar Batasunaren Intereg POCTEFAren bitartez kofinantzatutako Know N Cheese egitasmoa. Zehazki, gaiari buruzko ezagutza berria sortzeko helburua du proiektuak, batetik, sektorea trebatzeko, eta bestetik, kontsumitzaileen sentsibilizazioa lantzeko, ikuspegi sozial, ekonomiko zein ingurumenekotik.

Horren sustatzaile lanetan dira Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako eta Pirinio Atlantikoetako eta Okzitaniako sei erakunde: Esneki Zentroa Leartiker, Prosumerlab eta Hazi EAEtik, Viceko Unibertsitateari loturiko BETA Zentro Teknologikoa Kataluniatik, eta Idele (Institut de l’elevage) eta Interprofession lait de Brebis Frantziatik. Halaber, proiektuaren bazkide elkartu eta stakeholderren artean identifikatu daitezke Uztartu Euskal Herriko elikagai nekazaritzako klusterra, Amatxo, Urraki esnekiak, Igeldoko esnea, Gomiztegi kooperatiba eta Oihan Txiki. Den-denek osatzen dute Know N Cheesen partzuergoa.

Partzuergoko kideak, lehen bileran | Argazkia: Leartiker
Partzuergoko kideak, lehen bileran | Argazkia: Leartiker

Proiektuko lehen ekintzak 2024 erdialdean abiatu ziren, elikagaien jasangarritasunari buruzko ezagutza, beharrak eta aukerak diagnostikatzeko asmoz. Zehazki, azterketa bat egiten ari dira une honetan, ekoizle artisauek eta kontsumitzaileek esne-ekoizpenaren jasangarritasunari buruz duten ezagutza-maila ebaluatu ahal izateko. Besteak beste, identifikatu nahi dira zein motibazio eta erosketa portaera dituzten artisau-gaztaren eta beste esneki batzuen kontsumitzaileek. Azterketaren emaitzak 2025eko lehen hiruhilekoan argitaratzea aurreikusi dute, eta horiek ahalbidetuko dute besteak beste proiektu berrien garapenean murgiltzea, berrikuntzatik abiatuta.

Halaber, klima aldaketari aurre egiteko asmoa ere badu Know N Cheesek. Besteak beste, klima aldaketak esnekien ekoizpenari nola eragin diezaiokeen identifikatzea da helburuetako bat.

Emaitzak jakin zain, momentuz webgune propioa du martxan proiektuak. Lan guztiak gauzatzeko partzuergoaren epea 2026ra bitartekoa da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK